GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
PRESUMED INNOCENT

Sagarrari (berriro) kosk egiteko prest?

Ez dakit nondik ateratzen duen David E. Kelley-k denbora -eta dirua- hainbeste telesail ekotzi, idatzi edo sortzeko. 2017an “Big Little Lies” sortu zuenetik, zazpitelesail baino gehiagotan parte hartu du. Oraingoan, Harrison Ford protagonista zuen “Presunto inocente” (Alan J. Pakula, 1990) film mitikoa -Scott Turow-en eleberri baten egokitzapena zena- pantaila txikira moldatu eta protagonista nagusi gisa Jake Gyllenhaal entzutetsua aukeratu du. Zortzi ataletan banatu du kontakizuna. Ekoizleen artean izen garrantzitsua ageri da: Bad Robot Productions, hau da, aurkezpenik behar ez duen J.J. Abrams. Ekoiztetxe nagusiena ordea Apple TV+ da eta hori, printzipioz behintzat, bermetzat hartu behar genuke. Sagar hozkatuaren plataforma 2019an jarri zen martxan. Lehen urte horietan, erdipurdiko ekoizpenak egiteaz gain, norabide finkorik gabe nabigatzen ari ziren sentsazioa transmititzen zuten. Bost urteren ondoren, lehiakide askoren aurretik kokatuko nituzke. 2020-2021 urte bitartean, ekoizpen kopurua handitzearekin batera, kalitatean ere aurrerapausoak nabari zitezkeen arren, 2022an eman zuten aurrerapausorik handiena, “Black Bird“, “Ted Lasso”, “For All Mankind”, “Pachinko”, “Slow Horses” eta batez ere “Severance” bikainak iritsi baitziren.

2023 eskasago baten ostean, 2024an ekoizpen interesgarriak estreinatu ditu: “Criminal Record” edo “Sugar”, esate baterako. Berriena, hauxe. Rusty Sabich-en pertsonaia du ardatz istorioak, izugarrizko eskandalu batean nahasita dagoen fiskala: hilketa baten susmagarri nagusia da.

Gyllenhaalek jokatzen du protagonistaren rola. Gainerako aktoreak ere lehen mailakoak dira: Ruth Negga, Bill Camp, Peter Sarsgaard eta Renate Reinsve, “Munduko pertsonarik txarrena” (2021) filmeko protagonista eta Cannesko Zinemaldiko emakumezko aktore onenaren saria jaso zuena.

Dagoeneko udako estreinaldiak iritsi dira.