GARA
ANGELU

Zuhaitz Errasti preso ohia mugan atxilotu du Polizia frantsesak

Polizia frantsesak atzo Zuhaitz Errasti preso ohia atxilotu zuen mugan, eta epailearen aurrera eraman behar lukete gaur eguerdian. Euskal Irratiek emandako informazioaren arabera, Aiherran familiarekin bizi den herritarra Angeluko Jendarmeriara eraman zuten.

Zuhaitz Errastiren askatasuna eskatzeko, iluntzean elkarretaratzea egin zuten Angeluko Jendarmeria aitzinean. Beste hainbeste egin du Euskal Herria Baik. X sare sozialaren bidez alderdiak Errastiren atxiloketa salatu zuen, berehala libre uzteko exijituz. «Euskal Herrian aske eta libreki bizitzeko eskubidea dugu. Horrelako gertakariak Estatu frantsesaren eskema zaharretara eramaten gaitu», adierazi zuen.

Aretxabaletarra aske geratu zen 2017ko urriaren 27an, Estatu frantsesean zortzi urteko espetxealdia bete ondoren.

Euskal Herritik 750 kilometrotara dagoen Tarascon-eko kartzelan zegoela, administrazio auzitegi batek lehen aldiz euskal preso baten hurbilketa eskaera onartu eta gero, Mont-de-Marsaneko kartzelara eraman zuten Errasti, 2017ko abuztuan. Handik pare bat hilabetetara Estatu espainolera bidali zuten.