JUN. 15 2024 Hyundai Kona, erabilera anitzeko automobila Hyundai Konaren bigarren belaunaldiak abantaila asko ditu, aurrekoarekin alderatuz gero. Itxura berri eta erakargarria ez ezik, orain handiagoa eta erosoagoa da eta behar guztiak asetzeko moduko motor aukera zabala eskaintzen du. J.S. DONOSTIA Kona berria handiagoa da orain eta 4,20 metroko luzera izatetik 4,35 metro izatera igaro da. Zabalera ere 2,5 zentimetro handiagoa da eta ardatzen arteko distantzia 6 zentimetro handiagoa da. Neurri horiek asko hobetzen dute bidaiarien erosotasuna, baina batez ere maletategiaren edukiera, 332 litrotatik 466ra pasatu baita. Baina Konaren belaunaldi berriak zerbaitengatik atentzioa deitzen badu, autoaren diseinu sendo eta futuristarengatik da, aurrealdean alderik alde duen argi-lerro deigarriarengatik batik bat. Lehen begiratu batean, ohiko faroak desagertu egin direla dirudi, baina aurrealdeko saihetsetan ezkutatuta daude orain. Atzealdean ere soluzio berbera errepikatzen du, alderik alde doan led argi-lerro batez. Ez dugu ahaztu behar diseinu hau bertsio elektrikorako egin zela lehenbizi, eta jarraian gainerako bertsioek ere antzeko diseinua mantendu dutela. Hori bai, bata bestetik bereizteko, bertsio bakoitzak diseinu elementu bereizgarriren bat ageri du. Elektrikoak, esate baterako, pixel moduko detaile grafikoak ditu aurreko parrilan, baita pixeletan oinarritutako 19 hazbeteko hagunak ere. Gasolinak eta hibridoak, aldiz, kolpe-leungailu desberdina erabiltzen dute eta gurpil gaineko moldurak plastiko beltzezkoak dira. Azken bertsio hauek N ekipamenduarekin aukeratu daitezke, eta kasu horretan diseinu erasokorragoa erakusten dute, aleroi berezi eta isilgailu bikoitzarekin. Autoaren barrualdeak ere etorkizuneko ibilgailu baten itxura du. Lerro zuzen eta garbiak erabiliz, Ioniq gamako autoen osagaiak hartzen ditu, horien artean 12,3 hazbeteko bi pantaila handiak, bata bestearen segidan jarriak. Itxura minimalista daukan arren, hainbat aginte fisiko mantentzen ditu; adibidez, klimatizazioarenak, oso eskertzekoa dena. ESKAINTZA MEKANIKO ZABALA Eskaintza mekanikoa ere merkatuko zabalenetakoa da. Hiru zutabe nagusitan oinarrituta (gasolina, hibridoa eta %100 elektrikoa), bertsio bakoitzak aukera desberdinak eskaintzen ditu. Horrela, gasolinako bi bertsio daude aukeran (1.0 T-GDI 120 zaldi eta 1.6 T-GDI 198 zaldi) eta hibridoen atalean, hibridazio arineko 1.0 T-GDI bat (120 zaldi) eta 1.6 GDI beste bat (141 zaldi). Hori bai, bertsio entxufagarririk ez dute eskaintzen. Azkenik, %100 elektrikoen atalean, beste bi bertsio aurkituko ditugu, 156 eta 218 zaldikoak. Lehenak 48 kWh-ko bateria du eta karga bakoitzeko 377 kilometroko autonomia du. Bigarrenak 65 kWh-ko bateria du eta autonomia 514 kilometrora igotzen da. Abiadura kaxak sei martxatako eskuzkoak eta sei edo zazpi martxatako automatikoak izan daitezke. Nabarmentzekoa da gasolinako motor ahaltsuena (198 zaldikoa) 4x4 transmisioarekin hartzeko aukera dagoela. Ekipamenduari dagokionez, bost maila desberdin daude: Maxx, Flexx, N Line, Tecno eta N Line Style. Baxuenetik hasita, guztiek dute 12,3 hazbeteko pantaila bikoitza eta atzealdeko aparkalekurako laguntza-kamera dituen multimedia sistema, klimatizazio bikoitza, aleaziozko hagunak, lapurreten aurkako alarma, led faro eta atzeko argiak, giltzarik gabeko sarrera eta abiarazte sistema, argien eta garbigailuen automatizazioak edo eserleku tolesgarri malgua. Prezioei dagokionez, oinarrizko bertsioa (Kona Maxx 1.0 T-GDI 120 zaldi) 28.990 eurotan dago, eta gasolinako motor ahaltsuena 34.540 eurotan, azken hau N Line ekipamenduarekin (Kona N Line 1.6 T-GDI 198 zaldi). Bertsio hibridoak 33.040 eurotan hasten dira (Kona Maxx 1.6 GDI 141 zaldi) eta elektrikoak, azkenik, 40.950 eurotan (Kona Tecno Electric 48 kWh). HYUNDAI KONA Maxx Hibrido 1.6 GDI Luze. / zabal. / altu. 4,35 / 1,82 / 1,58 Potentzia/azelerazioa 141 zaldi / 11 segundu Bateria 1,576 kWh Kontsumoa 4,5 litro / 100 km. Emisioak / etiketa 103 gr. / ECO Maletategia 466 litro Prezioa 33.040 euro