GARA Euskal Herriko egunkaria

Sindikatuek ez dute EAEko hezkuntza hitzarmena sinatuko

Lakuaren Hezkuntza sailak iragan den ostegunean bilera egin zuen Irakasle Funtzionarioen mahai sektorialarekin, hitzarmen bat adosteko. Baina Steilas, LAB, ELA eta CCOO sindikatuek adierazi zuten proposamenean «atzerapausoak» daudela eta ez dutela sinatuko.

Ikasturte honetan lau greba egun egin dituzte hezkuntza publikoan. (Oskar MATXIN | FOKU)

 

Arabako, Bizkaiko eta Gipuzkoako Hezkuntza saila eta sindikatuak ez dira akordio arautzaile edo lan hitzarmen berria egiteko adostasunetara iritsi. Steilas, LAB, CCOO eta ELAk aditzera eman zuten, joan den osteguneko irakasle funtzionarioen mahai sektorialen ondoren, ez zutela hitzarmena sinatuko eta mobilizatzen jarraituko dutela.

Steilas, LAB eta CCOOk mobilizazioa egin zuten atzo goizean. Hezkuntza Sailak lau urteko negoziazioen ostean ez duela «borondaterik» langileen lan baldintzak hobetzeko salatu zuten bertan. «Badirudi asmoa orain murrizketak lan akordioan txertatzea dela. Akordio proposamenean ez dago langile guztiei eragiten digun hobekuntza orokorrik, eta zenbait artikulutan atzerapausoak daudela baloratzen dugu», adierazi zuten.

Hiru sindikatu horiek ohar baten bidez ezagutarazi zutenez, egun indarrean dagoen 2010eko akordioa baino «okerragoa» da negoziazioaren osteko proposamena. Eta beraien ustez Hezkuntza Sailak ezarri nahi dituen «atzerapauso» batzuk ere aipatu zituzten bilera ondoko irakurketan.

Ordezkoei 165 lan egunek eragiten duten opor eskubidea murriztu dietela azaldu zuten, eta abuztu osoan ez luketela kobratuko argitu zuten. Ordezkoen zerrenda kudeaketa EPEekin lotu nahi dutela esan zuten, eta etapa guztietan 30 orduko presentzialtasuna bultzatu. Lan zama handitzen ari dela adierazi zuten, eta aldi berean salatu zuten «guztien karga arintzeko neurri errealik» ez dutela hartzen. Erretirorako baldintzak ere ez dituztela osotasunean hobetzen aipatu zuten, eta erosahalmena galtzen jarraitzen dutela, «Lakuak soldata igoerak gauzatzeko borondate politikorik gabe jarraitzen du», laburtu zuten.

ELA ERE DESADOS

Bere aldetik, ELA sindikatuak bileraren ostean hedabideei igorritako oharrean langileen eskariei eta mobilizazioei kasurik ez egin izana eta proposamen «itxi» bat aurkeztea kritikatu zuen. Irakaskuntza publikoko irakasleei eragiten dien akordioak eguneratu gabe 14 urte daramatzala gaineratu zuen, «Ondorioz, erosteko ahalmenaren %20 galdu dute, %40tik gorako behin-behinekotasuna dute, lan-karga desegokiak eta arrisku psikosozialeko eta lan-osasuneko arazo ugari», salatu zuten.

Gainera, Hezkuntza saila, «mahaietatik kanpo» negoziatzen saiatu dela adierazi zuen. Sindikatu batzuekin aldebiko eta hiru aldeko bilerak egin zituela, langileen legezko ordezkaritza duen mahaia alde batera utzita. Maiatzean eta ekainean deitutako bi bilera ere bertan behera utzi dituela jakinarazi zuen.