NEREA LAUZIRIKA
BILBO

Laboaren «berbisitazioa», Patxo Telleriaren «ni»-tik abiatuta

Patxo Telleriak ikuskizun hibridoa sortu du: “Ai, gure juaneteak”. Antzerkia, musika eta testu literarioa bateratu ditu. Liburu formatuan ere eskuragarri dago orain, emanaldietan eta liburu dendetan.

Patxo Telleriak Bira espazioan aurkeztu zuten obra berria.
Patxo Telleriak Bira espazioan aurkeztu zuten obra berria. (Oskar MATXIN | FOKU)

Antzerkia, musika eta literatura, hirurak uztartu ditu Patxo Telleriak “Ai, gure juaneteak” produkzioan. Taula gainera eraman zuen lehendabizi obra, eta paperera ekarri du orain, izen bereko liburuan jaso baititu testuak. Emanaldien ostean eskuratu daiteke formatu fisikoa, baita liburu dendetan ere.

Mikel Laboaren obratik abiatu eta bere egin du, «ni» horretatik abiatu eta produktu eszenikoa ez ezik liburua ere ontzeko. Aktore-musikari rola hartuta taularatzen ari da obra, Adrian Garcia de los Ojos eta Maider Lopez musikari aktoreekin batera. Atzo bertan aurkeztu zuten liburua prentsaurrekoan Bilboko Bira kultur espazioan, eta toki berean aurkeztuko dute jendaurrean, datorren astelehenean, hilak 17, 19.00etan.

“Spoken words” estilokoa da lana, egileak «esaniko hitzak» bezala euskarara ekarri duena, «hitz esanak» kontzeptua erabiltzea egokiagoa litzatekeela jakitun bada ere. Bere buruaz eta bere burutik sortu du “Ai, gure juaneteak” Telleriak, «lehen aldiz nire bizitzan».

Horretarako, Euskal Herri osoan erreferentzia ezin ezagunagoa den Mikel Laboaren obratik abiatu da, Telleriak berak ere, nola ez, eredutzat hartu izan duena. Berak «berbisitazio» gisa aurkeztu duena «sakrilegiotzat» joko duenik badagoela badaki, baina uste du ausarta izan beharra dagoela kultura sortzeko. Horrela, Laboaren hitzak berarenekin tartekatzen ditu taularatzean zein aurkeztu berri duen liburuan.

Ezin daiteke esan disko-liburua denik, ez baitakar disko tradizionalik, baina bada entzun daitekeen liburua. Izan ere, piezen audioak grabatu dituzte estudioan eta bakoitzaren aurretik dakartzan QR kodeen bidez erreproduzitu daitezke.

Bertsotik baino, proposamenak gehiago dauka rapetik edo hip-hopetik, Telleriak azaldu zuenez, metrika aldetik ez duelako inolako molde zehatzik jarraitzen, erabat askea izanik.

Edukiari dagokionez, «biluzte ideologikoa» egin du egileak pieza batzuetan, eta «emozionala» gainontzekoetan, Laboak musikatu zituen Joseba Sarrionandiaren, Joxan Artzeren edo Xabier Leteren hitzei tiraka.

Beste garai bateko kontuak dira Laboak bere obran jasotakoak eta egungo begiradatik heldu die Telleriak gai horiei: «Atzamarra sartu dut nire begian, atzamarra sartu dut gure begian».