GARA Euskal Herriko egunkaria

Daliaren eraistea «legez kontrakoa» dela salatu dute Gernika-Lumon


Dalia enpresaren eraikina eraisten hasiak direla-eta, elkarretaratzea egin zuten atzo 150 lagun inguruk Gernika-Lumoko fabrikaren aurrean, «fundazio pribatu bati mesede egiteko ondare historiko-artistikoaren espoliazioa» egiten ari dela salatzeko. Izan ere, Urdaibain eraiki nahi dituzten Guggenheimen bi eraikinetako bat esparru horretan kokatzea dago aurreikusita. Bestea Muruetako ontziolaren lursailean kokatu nahi da.

Kontzentraziora ingurumenarekin eta ekologiarekin lotutako hainbat eragilek deitu zuten; Zain Dezagun Urdaibai, Eguzki, Ekologistak Martxan, Lanius ornitologi elkartea, Guggenheim Ez eta Guggenheim Urdaibai Stop elkarteek, hain zuzen ere. Azken hau izan zen iragan den ostegunean Dalia fabrika zaharra eraisteko lanak hasiak zirela ohartarazi zuena.

ESKARIA EGINA DAGO

Era berean, proiektuaren aurka aurkeztutako helegiteek ez dutela erantzunik jaso eta, beraz, eraistea bera «legez kontrakoa» dela argudiatu zuten. Edorta Jimenez plataformako kideak gogora ekarri zuen «eskatuta daukatela Daliaren babesa. «Eskari hori sartuta dago, bere zigilu eta guzti, orain dela bederatzi hilabete, eta ez alde ez kontra, ez digute erantzunik eman. Beraz, eraistea ez da legezkoa. Auzitegi Nazionalean ere demandaren hedapena dago uztailaren 2ra arte, eta hor egongo gara», ziurtatu zuen.

Azaldu zuenez, elkarretaratzean Gernikako EH Bilduko udal ordezkariak ere egon ziren, eta eurek eskumenik ez dutela ziurtatu zieten, «hau Bizkaiko Aldundiak egin duela esan digute», zehaztu zuen.