GARA Euskal Herriko egunkaria

Azkaingo arotza


Ikazkinaz ari nintzela jakin dut Azkaingo arotza hil dela, Jean-Michel Galardi, hain ustekabean ezen agurtzeko denborarik ez dudan izan. Hori du heriotzak, saien modura zelatan egoten dela gaitz baten triskantza ikusiz, edo, oharkabean, atzaparretan hartuta eramaten zaituela; hortxe amaitzen da dena. Edo hortxe hasten dira negarrak. Eta oroitzapenak, fiertasun bihurtuko diren momentu biziak.

Ez dadila izan negarrez hasi eta negarrez buka, baizik erdi-erdian irribarrea izan dadila nagusi, zure pozaren parte izateak pozten nau. Halako zerbait, ezta? Badakit, noski, biziki intimoa dela azken agurra, eta hor, errespetura baizik ez naiz umiltzen. Ohiko bisitak, tertuliak, elkarrekin egindako sagardoa, eta hau lagunartean dastatzeko gozamena, dena galdu dugu bat-batean.

Pertsonalaz harago, galera kolektiboaz mintzatu nahi dut, arte bat, ofizio bat, jakinduria latza galdu baita Jean-Michelekin. Sagar dolare baten zurezko egitura, haritz, pago edo gaztainondo kupela, arraun normalak edo aizkora formako palak, ziabogetakoak bestela, istriborrekoek boga egiten duten bitartean ababorrekoek zia egin dezaten; traineruak, trainerillak, batelak, itsasontzi handi zein ttipiak, dena egin zezakeen bere esku magikoekin. Horretan ari zen trenputxartu zenean, arrantzale baten itsasontziari bere sendagaia eskaintzen. Horrela joan da, maite zuena eginez, ea guk, maite zuen horri segida emateko, ofizioari eusten diogun.