GARA Euskal Herriko egunkaria
ARABA EUSKARAZ

HEZKUNTZA LEGEA GARATZEKO ESKATUZ, OLARIZU BETE ZUTEN

«Mugaezin» lelopean eta Oiongo San Bizente Ikastola laguntzeko, atzoko egunean zehar ospatu zen Araba Euskarazen aurtengo edizioa, beste urte batez Olarizun. Lakuaren Hezkuntza Legea onartuta, Arabako Ikastolek Lakuari eskatu zioten ikastolekin elkarlanean, «berandu baino lehen» eta beraiekin batera garatzeko.

«Mugaezin» lelopean Araba Euskarazek Olarizu koloreztatu zuen atzo. (Iñigo URIZ | FOKU)

Eguzkipean eta eguraldi ederra lagun, Oiongo San Bizente Ikastola laguntzea helburu duen Araba Euskaraz jaira goizetik hasi zen jendea gerturatzen. Azken bi urteotan bezala Gasteizko Olarizun antolatu zuten, zortzi ikastolek elkarlanean.

2023ko abenduan EAJren eta PSEren aldeko bozekin onartu zen Hezkuntza Legearen garapenari «berandu baino lehen ekin diezaiola» eskatu zion Lakuako Gobernuari Araba Euskaraz Kultura Elkarteko lehendakari den Unai Mendizabalek jaiaren hasierako ekitaldian.

Araua «historikotzat» jo zuen Mendizabalek, «ikastolen eredu herritarra euskal hezkuntza sistemak biltzen duelako hiru herrialdeetan eta balitekeelako bide berri batzuk ahalbidetzea». Ikastolen Elkarteak legeari egindako kritikak gogora ekarrita, Lakuako Gobernuari «elkarlanean jarduteko borondatea» eskatu zion.

Bestalde, Jokin Bildarratz Lakuako Hezkuntza sailburuak «guztion artean» legearen «erronkari» heltzeko beharra aipatu zuen. Gobernantza eredua, euskara eta berrikuntza hiru ardatz nagusiak direla azpimarratuz, «hezkuntzan eta ikastetxearen bizitzan inplikatuta gauden guztiok lana elkarrekin egin beharra daukagula» esan zuen, «eskutik».

Unai Mendizabalek «euskal hezkuntza sistema propio eta desberdin bat aldarrikatzeko» bidean Araba Euskarazek duen garrantzia nabarmendu zuen. «Euskarak behar duelako Araba Euskaraz, euskal kulturak behar duelako Araba Euskarazen agertokia, ikusia eta entzuna izan dadin, arabarrok ere behar dugulako Araba Euskarazen topagunea euskaraz bizi gaitezen», adierazi zuen.

Behin ekitaldia amaituta eta eguzkia berotzen hasi zenean, talo usainak jaia dagoeneko hasita zegoela agerian utzi zuen. «Lautada», «Erreka» eta «Mendia» guneetan banatuta, jolasez, musikaz, dantzaz eta antzerkiaz gozatzen ari zirenak zuhaitzen itzaletan eserita zeuden besteekin tartekatzen ziren Olarizun.

Gasteizekin lotzen duen bideak noranzko bakarra zeukala zirudien, sartzekoa. Haur txikitxoak zituzten familiak, gazteen kuadrillak zein umerik gabe zetozen helduak bildu ziren euskarak Araban mugarik ez duela erakusteko.

Giroa lasaia bazen ere, txoko guztietan zerbait gertatzen ari zen: umeentzako jolasak, dantza emanaldia eta ikastolen erronka, besteak beste. Tarteka katalana entzun zitekeen, Castellers d'Alt Maresme Bartzelonako taldea zen, eguerdian eskaini zuten emanaldirako prestatzen ari zirela.

Janaria eta edaria beti esku artean. Eguna aurrera joan zen eta arratsaldean dantza plaza, zumba, tailerrak, puzgarriak eta jolasak izan ziren. Eh! Mertxe taldea, Akerbeltz erromeria, Ibil Bedi, Janus Lester, Burutik taldea eta DJ Malandro Olarizuri musika jartzeaz arduratu ziren.

HAURRAK ZEIN HELDUAK

Oiongo San Bizente Ikastola laguntzeaz gain, Arabar Errioxako IKA euskaltegia omendu zuten. Andoni Landa Oiongo euskaltegiko irakasleak ikastolak egindako lana euskaltegiak bizirauteko «ezinbestekoa» izan dela nabarmendu zuen. «Ikastolara umeak eramaten dituzten gurasoak hurbildu dizkiguzue euskaltegira, eta horri esker iraun dugu», esan zion bere alboan zegoen San Bizente Ikastolako zuzendariari, Arturo Lopez de la Calleri.

Lopez de la Callek, «euskararentzat, Arabarentzat eta Arabako Errioxarentzat egun garrantzitsua» zela esan zuen. Leloa «Mugaezin» bazen ere, «euskara guztiona eta guztiontzat» dela argi utzi zuen, baita IKA-k «mugarik ez» duela ere. 1978an sortu zenetik, ikastola bezala, ikasle izan direnek «euskaraz bizitzeko, euskaraz lan egiteko eta gure seme-alaben hezkuntza ibilbide euskaldunean parte hartzeko izan duten aukera» eskertu zuen.