Amaia UGARTE
DONOSTIA
HERIOTZA-OHARRA

Koldobika Jauregi hil da, eskulturaren erreferente Euskal Herrian eta nazioartean

(Andoni CANELLADA | FOKU)

Koldobika Jauregi eskultorea atzo goizean hil zen, 64 urte zituela, bihotzekoak jota. Sortzez Alkizakoa, Euskal Herrian eta nazioartean sona handiko artista, berrogeitik gora urte eman ditu harria, egurra, metala eta paretak zizelkatzen, mota guztietako materialak eta teknikak erabilita. Bere artelanak munduko hainbat museo ospetsu eta espazio publikotan daude, Europan hasi eta Japoniaraino. Guggenheim Bilbao Museoak ere bere obra erosi zuen bere bilduma iraunkorrerako.

Ostiralean bertan inauguratu zen haren azken erakusketa Soraluzen, Oreka art galerian, eta ikusmin handia eragin zuen, Plaentxia.eus agerkariak jaso zuenez. Jauregi bera han izan zen obraren inguruko azalpenak ematen, eta herri txikietan ere horrelako erakusketak egoteko beharra nabarmendu zuen.

Diziplina anitzeko artista, oso gazterik hasi zen lanean, modu autodidaktan. 1986an atzerrira bidaiatzen hasi zen, arte lehiaketetan parte hartzeko. Italian marmolezko eskulturan sartu zen.

Bere ibilbide luzean hamarnaka erakusketa egin ditu Jauregik, eta jasotako sariak eta bekak ere makina bat dira. Besteak beste, Txillidaren Zabalaga beka eskuratu zuen 1990ean, eta Karl Henrich Muller mezenas alemaniarrarekin lan egiteko aukera izan zuen Düsseldorf hirian. Bertan, bere emazte Elena Cajaravillerekin, bost urtez aritu zen Insel Hombroich Museoan “Artea eta Natura parean” proiektu esperimentalean. Esperientzia hartan ikusi eta ikasitakoarekin sortu zuten urte batzuk beranduago, 2010ean, Ur Mara museoa Alkizan bertan, Iñaki Epelde zenarekin batera. Museoa baino gehiago, Ur Mara espazio ireki handi bat da, basoan, artelanez eta arbolez osatua, artea, natura eta etnografia uztartzen dituena, hainbat jardueratarako eraikina eta erakusketa, kontzertuak eta tailerrak egiteko gunea.

EUSKAL HERRITIK NAZIOARTERAKO SONA

Alemanian egindako egonaldi luzeak eragin nabarmena izan zuen Koldobika Jauregiren ibilbidean, eta Euskal Herrian zuen sona nazioartera zabaltzeko aukera eman zion. 2000. urtean, esaterako, Tokioko parke batean 26 eskultura jartzeko egin zuten lehiaketa batean bera izan zen hautatutako europar eskultore bakarra.

1999. urtean, Würth Museoak «espainiar» arteari eskainitako erakusketa batean Estatuko egungo hamar artista garrantzitsuenen artean aukeratu zuten alkizarra, Eduardo Txillida, Antoni Tapies edota Antonio Sauraren ondoan. Txillida, hain zuzen ere, bere maisutzat jotzen zuen.

Euskara bere lanetarako motibo izan zuen. Hala, adibide bi ematearren, 2011n “Artea Oinez 11” erakusketa ibiltarian parte hartu zuen urte hartako Nafarroa Oinez ekitaldiari laguntzeko, eta 2016an, Euskararen Eguna zela eta, ‘Txantxangorria” performancea egin zuen Guggenheim Bilbao Museoko Entzungelan.

ZINEMA ETA «AIZKORA ETA ARBOLA»

Eskulturatik harago, “Dantza” pelikularen (2018) eragile ere izan zen Jauregi, Telmo Esnalekin batera, Juan Antonio Urbeltz koreografoaren laguntzarekin. Jauregik eta Elena Cajaraville bikotekide eta zuzendari artistikoak sortu zuten film haren atrezzoa eta mundu estetikoa.

Bere ibilbide artistikoan Koldobika Jauregik konpromiso politikoa ere erakutsi izan zuen. Hala, ETAren armagabetze egunaren biharamunean, GARAk kaleratu zuen ale bereziko azalerako “Aizkora eta arbola” irudia berak egin zuen.

Elkarrizketa batean azaldu zuen Jauregik nola izan zen “Aizkora eta arbola” sortzeko prozesua. «La imagen recoge dos elementos, pero son el mismo; el hacha es también árbol», azaldu zion GARAri. 2017ko apirilaren 8ko egun historikoaz gainera, bertara iristeko jendarte zibilak izan zuen protagonismoa betikotzeko sortu zuen irudia eskultura bilakatuko zuten Baionan armagabetzetik urtebetera, “Arbolaren egia” izenarekin.

Halaber, GARAren aurkako espolioari aurre egiteko ArteaGARA ekimenarekin bat egin zuen “Poesia” serigrafiarekin.