GARA
DONOSTIA

Energia komunitateak hizpide Legorretan, Udalbiltzaren eskutik

Energia komunitateei buruzko jardunaldia egin zuen Udalbiltzak joan den larunbatean Legorretan, eta arlo honetako hirurogeitik gora eragile eta kide elkartu ziren. Tokian tokiko esperientziak trukatu zituzten eta baliagarriak izan daitezkeen ereduez hausnartu zuten.

Legorretako Udalbiltzaren jardunaldian antolaturiko talde dinamika.
Legorretako Udalbiltzaren jardunaldian antolaturiko talde dinamika. (UDALBILTZA)

Legorretako Herri Antzokian Euskal Herriko txoko ezberdinetako 60tik gora hautetsi, eragile eta energia komunitateetako kide elkartu ziren iragan larunbatean, Udalbiltzak antolatutako “Energia komunitateak: harreman-sareak ehuntzen” topaketen karira.

Legorretako alkate Iñaki Agirreren ongi etorriaren ostean, Hitzar Energia Komunitateko ordezkari Erkuden Mendizabalek Itsasondon sortutako energia komunitatearen esperientzia azaldu zuen. Adierazi zuenez, garrantzitsua da begirada eskualdean jartzea, eta ez herri bakar batean, maila handiagoan eragiteko eta saretzeko. Haren ostean, Haritz Alberdi Udalbiltzako presidenteak instituzio nazionalaren esperientzia mahai gaineratu zuen, azken urteetako lanketak azalduz, eta baita etorkizunera begirako erronkak eta helburuak ere.

Lehen blokean, Elena Herrarte Debagoieneko Ernamuina taldearen ibilbideaz aritu zen lehenbizi, saretzearen garrantziaz eta bidean aurkitutako oztopoak gainditzeaz, hain zuzen. Iban Lizarraldek, I-Ener sozietateko kideak, Ipar Euskal Herriko egoera zein den kontatu zuen, eta garatzen ari diren proiektu garrantzitsuenaz mintzatu zen. Obanosbizi eta Garesbide Energia Komunitateetako kide Txetxu Ezkurra, bestetik, Nafarroako Energia komunitateez aritu zen, eta trantsizio energetikoaren bidean dauden legediaz, aukerez eta oztopoez mintzatu zen.

EKARPENA KATALUNIATIK

Bigarren blokean, SOM Comunitats taldeko Marc Roselló Kataluniako sareaz aritu zen, baita bertako eredua Euskal Herrira ekartzeaz eta energia komunitateei garapenerako eskaintzen zaien zerbitzuaz ere. Ondoren, Goienerreko Larraitz Veintemillasek haien esperientzia partekatu zuen, dagoeneko hasi baitira SOM Comunitat plataformarekin lanean. Blokea amaitzeko, Lupe Lizasok Garesbide- ren esperientziaren berri eman zuen, haiek izan baitziren aipaturiko euskarria erabiltzen lehenak euren komunitatean.

Atsedenaldiaren ostean, talde dinamika bat garatu zen, Ko-energia taldeko Artelan eta Arankoa abokatuekin batera.

Energia komunitateek dituzten beharrak eta ondorioak landu zituzten, eta bigarren mailako sare bat eraikitzeko lehen pausoak ematen hasi ziren, energia komunitateak indartzeko helburuarekin.

Topaketa Enerkide proiektuaren aurkezpenarekin amaitu zen. EHUko irakasle Aitor Urrestik aurkeztu zuen egitasmoak mugaz gaindiko energia-komunitateak bultzatzea duela xede, komunitate horiek gainditu behar dituzten oztopo nagusiak aintzat hartuko dituen metodologiatik eta tresna-kaxetatik abiatuta.