GARA
PILOTA

Espainia eta Frantziako selekzioei uko egingo die hainbat pilotarik

Euskal Herriko hainbat pilotarik agerraldi bat egingo dute datorren hilaren 29an, Hendaian, Espainia eta Frantziako selekzioei uko egingo diotela publikoki helarazteko. Bertan, gainontzeko pilotarien babesa ere eskatuko dute.

2022an Biarritzen jokatu zen Munduko txapelketaren atarian, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu zuten zenbait pilotarik, Durangoko agerraldian.
2022an Biarritzen jokatu zen Munduko txapelketaren atarian, Euskal Selekzioaren ofizialtasuna aldarrikatu zuten zenbait pilotarik, Durangoko agerraldian. (Raul BOGAJO | FOKU)

Euskal Herriko zenbait pilotarik agerraldi bat egingo dute Hendaian, Daniel Ugarte Beltzenia pilotalekuan, datorren ekainaren 29an. «Euskal Herriko pilota selekzioa orain» lelopean, beraien erabakiaren berri emango dute; Espainiako eta Frantziako selekzioei uko egiten dietela, alegia.

Ofizialtasunaren bidea ez aurrera ez atzera dago. Pasa den urtean Nazioarteko euskal pilota Federazioan (FIPV, gaztelaniazko siglengatik) estatutu-aldaketa proposatu zuen euskal erakundeak, baina hautsak zeharo harrotu zituen. Espainiako Federazioko presidente Julian Garcia Angulo eta nazioarteko Xavier Cazaubonen artean ika-mika hauspotu zen. Azkenean, ez zen bozketara eraman estatutu aldaketa -babes falta zegoelako- eta orduko zuzendaritza taldea kargugabetu zuen Cazaubonek. Irailean osatu zen talde berria, Lorea Bilbao Bizkaiko Foru Aldundiko Euskara, Kultura eta Kirol diputatu ohiak bigarren presidente ordearen kargua hartuta eta Garcia Angulo Espainiako ordezkaria organigramatik aldenduta.

2026an Argentinan jokatuko da pilotako Munduko txapelketa, eta 2030ean Bizkaian lehiatuko da. 2022an, Biarritzen, Espainia eta Frantziaren selekzioekin lehiatu behar izan zuten euskal pilotariek. Paradoxa hori saihestea izan beharko luke lehentasuna Euskal Pilota Federaziokoentzat, Euskal Herrian lehiatzen denerako, behintzat, ofizialtasuna bermatuta egotea. Oraingoz, baina, prozesu guztia etenda dagoenez, kalean aldarrikatzea ezinbestekoa izango da.

Horregatik, hain zuzen ere, funtsezkoa izango da Euskal Herriko Euskal Pilota Selekzioaren Aldeko Mugimenduaren datorren ekainaren 29ko agerraldia, berriro ere sua berpiztu eta eskumenak dituzten agintariak urratsak egitera bultzatzeko.

KIROL LEGE BERRIA

Jada igaro da urte bat baino gehiago Espainiako Kongresuan Kirolaren Lege berria onartu zenetik, zeinetan lurraldean historikoki errotutako kiroletan Euskal Selekzioaren ofizialtasuna egingarri izango zela ziurtatu zuen EAJk, PSOErekin batera lege berri horren zuzenketak txertatu zituenean. Garaipentzat saldu zen, pilota eta surfeko Euskal Selekzioak nazioartean lehiatzen ikusiko genituela esanda.

Zuzenketa horiek onartu zirenetik kasik bi urte igaro diren honetan, gauzek bere horretan jarraitzen dute. Gainerako kiroletan Euskal Selekzioa nazioartean lehiatzen ikusteak utopia bat dirudi; eta pilotaren kasuan ere bai, irekitako ateak kolpez itxi direlako, Espainiako Federazioak bere beto eskubidea erabilita.