Floren AOIZ
Iratzar Fundazioko zuzendaria
KOLABORAZIOA

Borboi txanda-pasa gogoan, guk Euskal Errepublika

Dagoeneko hamar urte igaro dira Borboi zaharrak semeari koroa pasatu ziola. Monarkietan, dakigunez, estatu buruak ez dira demokratikoki aukeratzen, familia baten parte direlako izendatu baizik. Zibilizazio eurozentrikoaren ezaugarri bat da espainiarra bezalako monarkia, Europako beste sorkuntza bati loturik agertzen zaiguna: inperialitatea. Bestela era batera esanda, lurrak, natura, aberastasunak eta pertsonak menderatzeko dispositibo batez ari gara, garai batean Jainkoaren botere delegazio gisa aurkezten zena, eta, gerora, nazioaren ikurtze moduan saldu nahi izan digutena. Trantsizio espainolaren errelatoan Juan Karlos Borboia demokraziaren eraikitzailea zen, oro har, eta salbatzailea 1981eko O23 ospetsuan, nahiz eta datuek kontrakoa erakusten duten. Suhiltzaile piromanoa errege, to!

Luzaro idolatratutako Juan Karlos Borboia estatu buruak kargua utzi behar izan zuen duela 10 urte, eskandaluez eta zilegitasun gainbeheraz amildegira hurbiltzen ari zirenean, sistema politikoa salbatu nahian. Egunotan abdikazioaren zehaztasun batzuk ezagutu ditugu zenbait hedabideri esker eta, halakoetan ohikoa den taupada publizitarioa alde batera utzita, jada ez dago zalantzarik: Estatu operazioa izan zen, zeinean orduko PP eta PSOEko buruek parte hartu baitzuten, besteak beste. Francoren hatzak aukeratutako Borboiak lekukoa pasatu zion semeari, ordurako ezinezkoa baitzen erreleboa gehiago berandutzea. Zerbait aldatu, dena −edo funtsezkoa, bederen− alda ez dadin. Hori zen operazioaren funtsa. Eta zalantzak uxatzeko, Kataluniako errepresioa babestu zuen errege berriak. Izan ere, dena familian gelditu zen.

Hamar urte iraganik, Estatu espainolaren krisia ez da itxi, baina ez da agertzen forma larrienetan. M15en adierazpen politikoak krisian daude eta Kataluniako prozesu subiranista errepliege eta blokeo fase batean. Baina sakoneko arazoak ez dira gainditu, erronka bioklimatikoak kezkagarriak dira, estatu sakonak hautu erreakzionario-autoritarioa egiten du, eredu sozioekonomikoaren ahuleziak agerikoak dira eta nazioaniztasuna hor dago, nabarmena dela Estatu ereduaren kudeatzeko ezintasuna. Euskal Herrian beste egoera batean gaude. Subiranismoa gero eta indartsuagoa eta eraginkorragoa da, eta antzeko zerbait gertatzen ari da, ezberdintasunak ahantzi gabe, Galizian. Feminismoa eta zibilizazio krisiari aurre egiteko dinamikak askapen bektore indartsuak dira eta subiranismoak erresonantzia mekanismoak eraikitzeko gaitasuna dauka, beste formulazio batzuek ez bezala. Monarkiak presioa lausotzea lortu zuen, bai, baina bere sinesgarritasuna ukituta gelditu zen. Ez dago gillotina espektatibarik Estatu espainolean, ezta sinbolikoki ere, baina monarkiazaletasuna nekez itzuliko da garai batzuetako mailara. Polikrisia ez da itxi eta ez dirudi epe laburrean gaindituko denik, eta monarkiak 1978ko erregimenaren makurrena ordezkatzen du. Zorionik ez, beraz, Borboiendako, txanda-pasaren hamargarren urteurrenean. Guk argi dugu: Gora Euskal Errepublika, eta behera errege-erreginak!