GARA
BILBO

Pentsamendu sortzaile apala dute Hegoaldeko 15 urteko ikasleek

PISA txostenaren datu berriek agerian utzi dute Hego Euskal Herriko 15 urteko ikasleek gutxigatik gainditzen dutela pentsamendu sortzailearen inguruko azterketa. 60 puntutik, EAEkoek 31,9ko nota lortu dute, eta Nafarroakoek, 33,5ekoa.

Ikasle talde bat, ikasgelan, artxiboko irudi batean.
Ikasle talde bat, ikasgelan, artxiboko irudi batean. (Jon URBE | FOKU)

Ekonomia Lankidetza eta Garapenerako Antolakundeak atzo argitara eman zuen ikasleek ideia sortzaileak zenbateraino sortzen dituzten aztertzen duen PISA txostena. Azterketak munduko 64 herrialdetako 15 urteko ikasleei egin dizkiete eta gaitasuna neurtu diete idatzizko proben, irudian oinarritutako ariketen, eta arazo sozial eta zientifikoei nola erantzuten dieten ebaluatuta.

Hego Euskal Herriko ikasleek gutxigatik gainditu dute. Nafarroari dagokionez, 60tik 33,5 puntu lortu dituzte, OCDEko (32,7) eta Europako Batasuneko (32,1) batez bestekoaren apur bat gainetik; Araban, Bizkaian eta Gipuzkoan, berriz, 31,9 puntu lortu dituzte, eta Estatu espainoleko batez bestekoaren (32,8) azpitik geratu dira.

Herrialdeen artea, Hego Koreako ikasleek lortu dute puntuaziorik onena: 38,1 puntu. Atzetik, Kanada (37,9), Australia (37,3), Zeelanda Berria (36,4) eta Estonia (35,9) daude. Sailkapenaren behealdean daude Grezia (27), Errumania (26,2), Kolonbia (25,6), Zipre (23,7) eta Bulgaria (20,7).

Pentsamendu sortzailerako gaitasunaren barruan zazpi maila daude; txikienetik gorenera

1, 1 eta 2 (maila baxua), 3 eta 4 (maila normala), eta 5 eta 6 (maila altua). EAEren kasuan, ikasleen %21,2 bakarrik sartu dira errendimendu altuko mailetan. Nafarroan portzentajea %26,8koa da.

Aipatzekoa da PISA txostenak pentsamendu sortzailea generoaren eta maila sozioekonomikoaren arabera ere ebaluatzen duela. Gainera, gurasoak migratzaileak diren ere kontuan hartzen du. Txostenak alde nabarmenak erakusten ditu EAEn eta Nafarroan.

Generoaren kasuan, aldea nesken aldekoa da. Alderik handiena Finlandian neurtu dute: sei puntu. EBko batez bestekoa 2,6 puntukoa da. Araba, Bizkai eta Gipuzkoako ikasleen artean apalagoa da aldea (2,4), eta Nafarroan, oraindik ere txikiagoa (1,7).

Maila sozioekonomikoari dagokionez, egoerarik onenean dauden ikasleek pentsamendu sortzaile «handiagoa» dute. 6,1eko aldea dago EAEn, eta 6,6koa Nafarroan. Aldeak nabarmenagoak dira OCDEn (9,5) eta EBn (10,2).

Era berean, txostenean jasotako datuek agerian uzten dute pentsamendu sortzailearen errendimendua txikiagoa dela familia migratzaileetako ikasleen artean. EAEn 4,9 puntuko aldea dago, eta Nafarroan 2,9koa. Bingen Zupiria Lakuako Gobernuko bozeramaileak adierazi zuen «estatuen eta eskualdeen edo erkidegoen arteko aldeak ez direla handiak», eta beharrezkotzat jo zuen PISA txosten guztiak aztertzea euskal hezkuntza sistemaren posizioa zein den zehazteko.