JUN. 21 2024 Fermin Muguruzak mundu mailako bira bati ekingo dio datorren urtean Miribillako sarrerak agortuta, 2025erako sorpresak izango zirela iragarri zuen Fermin Muguruzak. Atzo, Kortatuk lehen maketa atera zuenetik 40 urte bete zirenean, mundu mailako bira iragarri zuen. Donostian ekainaren 14an joko du eta NAIZeko harpidedunek kontzertu horretarako 2.000 sarrera dituzte eskuragarri. Fermin Muguruza, Anoetako estadioan. (Iratxe ETXEANDIA) GARA DONOSTIA Kortatu musika taldeak lehen maketa kaleratu zuenetik 40 urte bete ziren atzo eta, efemeridearekin bat eginez, Fermin Muguruzak 2025ean mundu mailako bira bati ekingo diola iragarri zuen atzo. Musikari irundarrak iragarria zuen sorpresa gehiago izango zirela, abendurako Bilbon Miribillan antolatu dituen bi kontzertuetarako sarrerak berehala agortu baitziren. Bira iragartzeko ekoitzitako bideoan, besteak beste, Aitziber Garmendia, Itziar Ituño eta Jon Plazaola azaltzen dira. Esan Ozenki, Negu Gorriak edota ‘‘Black is Beltza’’-ren kamisetak soinean, Miribillak batuko dituen 16.000 pertsonak gogoratu eta 40. urteurreneko birak Muguruzaren 40 urte baino gehiagoko ibilbide musikala errepasatuko duela aipatzen da, Kortatu eta Negu Gorriak taldeen hastapenetik abiatu eta bakarkako lan berrietaraino. Antzezpenean, «erronka» bat plazaratzen diote Muguruzari, Europa, Amerika eta Asiako hainbat hiritara iritsiko litzatekeen mundu bira bati ekitea, baina musikari irundarra bera da jada bira prest duela iragartzen diena. Hala, Europa, Amerika eta Asiako hainbat hiritara iritsiko da Muguruzaren bira, eta Euskal Herrian geldialdi bakarra iragarri du, Donostiako Anoeta estadioan, 2025eko ekainaren 14an. Donostiako kontzertu honetarako sarrerak igande honetan (hilak 23) goizeko 9.00etan eskuratu ahal izango dira, 42,5 euroan (kudeaketa gastuak barne). NAIZeko harpidedunek ez dute igandera arte itxaron beharrik izango; izan ere, NAIZek 2.000 sarrera ditu bere harpidedunentzat eta atzotik ekainaren 22ra bitartean eskuratu ahalko dira, Harpidedunen Txokoaren bidez (www.naiz.eus/eu/harpidedunen-txokoa) eta prezio ofiziala baino merkeago: 34,95 euroren truke. Birako beste kontzertuetarako sarrerak hilaren 25ean (asteartea) goizeko 9.00etan lortu ahal izango dira. Iragarpena egin ostean Muguruzak ohar batean azaldu zuenez, 40. urteurrena «une berezian» iritsi da, eskuin mediatiko eta judizial espainolak bere aurkako erasoa egin baitu berriro. Horren aurrean, bere sare sozialetan ohartarazi zuen kultura gehiagorekin erantzungo zuela, bere ibilbidea eta ondarea aldarrikatuz. «ADIERAZPEN ASKATASUNAREN GARAIPENA» Artistak nabarmendu zuenez, ekitaldi horiek kontzertu soil bat baino gehiago izango dira, «musika adierazteko eta gizartea aldatzeko tresna gisa erabiltzeko balioko baitute». «Musikaren independentziaren, autogestioaren eta adierazpen askatasunaren garaipena izango da 40 urteko ibilbide hau agertoki baten gainean ospatu ahal izatea, oso kolpatua dagoen belaunaldi batekoa naizela jakinda. Kontzertu hauek guztiontzat bereziak izatea espero dut, musika, dantza eta erreibindikazioaren bidez; oroimen kolektiborako ariketa bat, bizitzaren ospakizun bat eta faxismoaren arbuioa, besarkaden zeremonia bat», adierazi zuen Muguruzak. BIRAREN DATAK Hauek dira bira honetako lehen datak: urtarrilaren 18an Tenerifeko La Lagunako EC Agueren; urtarrilaren 24an Bartzelonako Palau Sant Jordin; otsailaren 15ean Madrilgo Wizink Center aretoan; martxoaren 15ean Compostelako Fontes do Sar aretoan; martxoaren 21ean Parisko La Cigale aretoan; martxoaren 22an Bordeleko Salle du Grand Parc delakoan; martxoaren 28an Okzitaniako Tolosako Le Bikini aretoan; eta martxoaren 29an Marseillako Espace Julien aretoan. Apirilean Suitzara joko du Muguruzak, hilaren 12an Zuricheko Rote Fabriken egongo delarik. Handik Berlinera abiatuko da S036 aretoan jotzeko. Ameriketara ere iritsiko da bira hau. Maiatzaren 20an Txileko Santiagoko Cariola antzokian izango da, maiatzaren 24an Buenos Aireseko Obras estadioan, 28an Bogotako Calle 13 aretoan eta 31n Mexiko Skatex (Texcoco) aretoan. Europara ekainaren 7an itzuliko da Erromako TBC aretoan kontzertua eskaintzeko. Ondoren, ekainaren 14an, Donostiako kontzertua izango da. Ondoren, Asiara joko dute, uztailaren 23an Tokioko Radical Music Network aretoan emanaldia eskaintzeko. Biraren kartelean azaltzen denez, urriaren 4an amaituko da azken kontzertuarekin. INGRESOSLas entradas para el concierto de San Sebasti��n se pondr��n oficialmente a la venta el domingo. NAIZ repartir�� 2.000 entradas entre sus destinatarios a precios reducidos, que ya est��n a la venta, el Tx...