GARA Euskal Herriko egunkaria

Omniak Laudioko udala utzi eta gaiak «banaka» adostuko ditu EH Bildurekin

Laudioko udal Gobernu taldea, iaz. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Omnia taldeko hiru zinegotziek Laudioko udal Gobernua uztea erabaki dute. EH Bildurena da Arabako bigarren hiri handienaren alkatetza; Omniarekin koalizioa osatu zuen 2023ko udal hauteskundeen ostean. Orain, «beste bide berri bati» ekin dio, «jarrera eraikitzailearekin». EH Bilduk 7 zinegotzi ditu, EAJk 6, eta PSEk 1.

Omniak atzo ohar batean jakinarazi zuenez, EH Bildurekin Gobernua partekatzen urtebete eman ondoren, «udal kudeaketan egungoa ez bezalako papera» jokatzea erabaki du. «Urte honetan lan gogorra egin dugu eta oso pozik gaude horrekin; hala ere, bi taldeen gobernu ereduak desberdinak dira», argudiatu zuen.

Omniarentzat, «gauzatzeko eta kudeatzeko moduan erabateko adostasunik ez egotea arazo bat da Udalarentzat» eta, «erantzukizunez, zuzeneko kudeaketatik urruntzeko erabakia» hartu dute; «izan ere, jarduera ildo bat eta bakarra beharrezkoa dela uste dugu». Boto gehien jaso dituen taldea EH Bildu izanik, «haiei dagokie hura gidatzea», erantsi zuten.

Azaldu dutenez, beren asmoa «herritarrek behar duten Laudio eraikitzen jarraitzea denez», akordio batera iritsi dira EH Bildurekin «oposizio aktiboko lan bat egiteko eta haiekin dagoeneko adostuta eta martxan dauden gaietan aurrera egiten jarraitzeko».

Hala, oposiziotik gaiak adostuko dituzte gobernu taldearekin. «Omniaren nahia gure nortasuna galdu gabe ekarpenak egitea da. Ezin dugu adostu gabeko erabaki politikorik hartu».

Omniak «udal egunerokotasunean lagunduko» du. Halaber, «prest egongo gara bi taldeek aurkeztuko ditugun mozioak beraiekin adosteko».