GARA Euskal Herriko egunkaria

Presoak etxeratzearen alde kalejira egingo du Sarek sanferminen bezperatan


Datorren uztailaren 4an, sanferminak hasi bezperatan, Sarek euskal presoak etxeratu daitezela eskatzeko kalejira egingo du 19.30ean, Sarasate pasealekutik abiatuta, atzo iragarri zuenez.

Konponbidearen, elkarbizitzaren eta etxeratzearen alde deitu du Sarek “Etxera kalejira”, euskal presoen eskubideak bete daitezela eskatzen duen aldarria Nafarroako hiriburutik mundura zabal dadin.

Festak ez bailuke ahaztu behar, Sareko kideen iritziz, urteetako gatazkaren ondorioak konpontzeko daudela oraindik. «Jakin badakigu oraindik ere indar handikoak direla sufrimendu eta gatazkako iraganera eraman nahi gaituzten inertziak, iragan horretatik neke handiz ari garenean ateratzen», agertu zuten.

Horregatik, plataformako kideek aldarrikatu zuten euskal presoei aplikatzen zaizkien salbuespen politiken «hesietatik» kanpora atera beharra dagoela, eta badela garaia «‘Etxera’ aldarrikapen bat izatetik, denon lorpen izatera pasatzeko». «Denok gara irabazle eskubideen urraketa bukatzen denean», esan zuten.