GAIZKA IZAGIRRE
HERNANI
HOUSE OF THE DRAGON (2. DENB)

Bueltan dira Targaryendarrak

HBO-k 2022an “House of the Dragon” estreinatu zuen, “Tronuen Jokoa” telesailaren prekuela; biak George R. R. Martin idazlearen “A Song of Ice and Fire” liburuetan oinarrituta. Fantasiaren aterkipean, erdi-aroko kontakizunen kodeak eta narratiba erabiliz eta kalitatezko ekoizpen diseinuan indar berezia jarriz, baina telesail hau kulebroi bat da -kalitatezkoa baina kulebroia, azken finean-.

Daenerys Targaryen-en istorioaren aurretik girotua da, 172 urte lehenago zehazki, eta errege baten ondorengotza arriskuan dagoen unean, Viserys Targarien-en erregealdiaren bederatzigarren urtean.

“House of the dragon” Telesailaren estreinaldia 10 milioi ikuslek baino gehiagok ikusi zuten. Urrezko Globoen 80. edizioan, gainera, Telesail Onenaren Saria irabazi zuen, eta Emma D'Arcy aktoreak Emakumezko Aktore Onenaren izendapena. Tonuan, girotzean, estiloan, soinu bandan, estetikan, pertsonaia motetan eta diseinu ekoizpenenean, oro har, jatorrizko telesailaren esentzia oso-osoa topatu daitekeen arren, gidoiari eta pertsonaien arku dramatikoari dagokienez gertuago dago “Succession” bezalako telesail batetik “Tronuen Joko”-tik baino.

Aurrekoa baino askoz ere “zehatzagoa” ere bada, pertsonaia eta kokaleku gutxiago dituelako eta tramak orokorrean asko murriztu direlako. Estreinatu den bigarren denboraldi honek aurrekoaren ildo nagusia jarraituko du; Lucerysen heriotza izan da kosta ahala kosta saihestu nahi zen gatazka baten eragilea.

Lehen denboraldiaren amaieran Rhaenyra-ren haserre aurpegiak argi uzten du diplomaziaren garaiak atzean geratu direla eta 2. denboraldian emozio handiak espero ditugula. Filmaketa lanak 2023ko apirilaren 11n hasi ziren, Bretainia Handian. Hortik Estatu espainiarrera joan ziren maiatzean eta, gero, Ingalaterrara itzuli ziren. Han, grabazioek aurrera egin zuten, Hollywoodeko gidoilarien greba tarteko, eta 2023ko irailaren 29an amaitu ziren lanak.

Denboraldi berri hau aurrekoa baino laburragoa izango da, zortzi atal; sortzaileek diotenez, istorioaren beharrengatik izan da, eta ez HBO-k aurrekontu-murrizketaren bat egin duelako.