IKER GURRUTXAGA
DONOSTIA
Interview
JULEN LEUZA
Goxua’N Salsa taldeko zuzendari musikala

«Hau da gure apustua, hau da gure proposamena, hau gara gu»

Euskaraz eta saltsa. Bagenekien lanean zihardutela, eta 2024an bigarren disko batekin datoz, lehendabiziko aurkezpen eskutitzaren atzetik. ‘‘Urak eginen du bide’’ diskoa kaleratu zuten duela hilabete gutxi eta hura aurkezten arituko dira batean eta bestean udan. Bihar Guardian joko dute 20.00etan, jaietako egitarauaren barruan.

(Mario LEZAUN)

 

Iñaki Sagardoiren hitzak dituen saltsa alai batekin hasi duzue diskoa, oso doinu argitsuekin.

Honetan oso Kubako doinu bat sortu dugula esan dezagun, akordeen segida kubatarra dela guztiz, gehiegi konplikatu gabe sortua. Esan duzun bezala, saltsa berez alaia da, baina tonu minorretan egiten da bereziki; hor dauka saltsak bere mamia.

 

Letra oso zirtolaria da. Adinaren kontuak ere egongo dira, noski. Bere garaian «Gogoratzen» kantuarekin Gozategik ere gai honi heldu zion, nolabait ere. Hemen, «Funtzionarioarenak» esaten duena da funtzionarioa izateari uzten diola.

Bueno, hori Iñakik egin zuen, berak erabaki zuen. Umoretsua da, satirikoa da oso. Autokritika dago guztiaren atzean, jakina. Eta Iñakik erabaki zuen gero ikasbide hori ematea. Pixka bat auzolanean eta aritu arren, bere erabakia izan zen horrela idaztea, eta berak jarri zion titulua ere. Gustura hartu genuen letra hori eta kantuan moldatu genuen.

Segidan «Valor de uso» dator, beste tenpo bat duena, dagoeneko minorretara pasatuta. Hemen batez ere pianoa, perkusioa eta ahotsak luzitzen direla iruditzen zait. Ez dakit ados zauden

Ados nago, bai. Erritmoa apalagoa du, baina sekulako indarra duena da. Eta ahotsak hasieratik sartzen dira koroan. Uste dut horrek indarra ematen diola. Eta esaten duzunaren harira, pianoa eta perkusioa nabarmentzea, bada, ez da kasualitatea entseatzen haiek pila bat disfrutatzen zutela kantu honekin, Iruditzen zait, orokorrean, taldeari gehien gustatu zaion kantua dela. Banda oso bezala aurkezten gara, abeslari guztiekin. Gero banaka-banaka gauzak esaten hasiko gara instrumentu bakoitzarekin.

Formazioan aldaketa txiki bat egon da, edo niri behintzat hala iruditu zait, aurreko diskotik hona.

Lehen lau abeslari ziren, eta haietako batek, Robinson Quinterok, Madrilera joan behar izan du; beraz, hiru abeslarirekin geratu gara. Beti bezala kantuak tartekatzen dituzte solista paperean; aipatu dugun kantuan, ordea, denen artean egiten dute. Gero, tronboietan, Adrian Martinez zegoen eta, orain, Gaizka Otsoa dago haren tokian. Hainbeste kide izateko, ez da aldaketa gehiegi izan, egiari zor.

Lehendabiziko diskoan bazirudien jendea erakartzeko nahia zenutela. Bertsio dezente eta zuen kantu propio batzuk aurkeztu zenituzten. Oraingoan, berriz, bakarra dago.

Bai, eta oso kontent gaude. Hasi ginenean ez genekien luzera kapazak izango ote ginen guzti hau betetzeko. Lehenengo fase bat izan genuen, non «goazen saltsa jotzen ikastera» esan genion gure buruari ;eta batzuk ezagutzen genuen, baina beste batzuk ez. Rock talde bat bertsio desberdinak egiten hasten den bezala, gu ere horrela hasi ginen, eta gero heldu genion euskal kantu batzuk saltsa moduan bertsionatzearen ideiari. Atzetik kantu batzuk egiten hasi ginen, esan duzun bezala, eta lehenengo diskoan tartekatu egin genituen. Orain, bigarrenean, hau da gure apustua, hau da gure proposamena, hau gara gu, eta apustu indartsua egin dugu, gainera.

Cali inguruko saltsa bat dela esan daiteke «Errotari» singlea. Haize konponketa sekulako dirdirarekin egina da. Single moduan ere aukeratu zenuten.

Bai, bai, hau ‘‘salsa gogorra’’ dela esaten dugu. Alde batetik zuk esan duzuna, akaso delako Calikoa, kolonbiarra, eta beste erreferentzia batzuk ziren oraindik ere zaharragoak, 70eko New Yorkeko saltsa, favelakoa, Ray Barreto eta halakoak entzuten ibili nintzen, eta hauek ez zuten tronboirik erabiltzen. Hortaz, esan genuen, goazen zerbait azkarra egitera, zapatila egitera eta koroa azkar sartzen dena, kantua luzea izan gabe. Noski, denon artean erraz aukeratu genuen singlea izateko.

Beti esan izan da azkarrago dantza egiteagatik direla famatuak Calin.

Hauek ez dira Calikoak, baina bai Cali ingurukoak. Bada, kantua egosten ari ginela, proposatu zuten kantua gazteleraz egin eta eta hara bidaltzea. Baina esan genuen, «ez, goazen gurea mantentzera eta gurearekin aurrera joatera». Haiek oso argi zuten Cali bezalako hiri batean horrelako saltsa dantzatzen dela.

«Gotzone» abestia Juan Bautista Mendietarena da. Ez dakit bera den, baina Kuban gerrillari ibili zen fraide baten historiarekin topo egin dut.

Ez dakit bera ote den. Kantaren istorioa da txisturako eginiko zortziko tradizional bat dela, eta gure eta gure taldean dagoen Beñat Lopez perkusiolariak Iruñeko udal txistulari bandakoa da. Orduan Iruñeko udal txistulari bandak zortzikoa jotzen du igandeko dianetan Iruñean, eta berari pila bat gustatzen zitzaion. Zortziko hau uste dut Tolosako txistulariek ekarria dela, Iruñeko txistulariek Tolosako txistulariekin harreman handia daukatelako. Iruñean txistulariak egon aurretik Tolosakoak etortzen ziren historikoki sanferminetara jotzera, eta oraindik etortzen jarraitzen dute prozesioetan. Beñatek niri pasatu zidan zortzikoa eta nik ere pistak bilatu nituen, nahiz eta ez nuen asko aurkitu Juan Bautista Mendieta honi buruz. Orduan nik ez dut gehiegi ikertu. Doinua hartu dugu eta doinua saltsara pasatu dugu ahal izan dugun moduan.

Saltsa da baina ukitu oso sanfermineroa ere badu. Gaita gehitu diozu zuk. Kaxoia ere jo duzue…

Begiratu dugu, eta gehien entzuten ari den kantua da diskoan. Ez genuen espero, baina horrela izaten ari da. Hasiera bat du pixka bat guaguanco estiloan, gero nafar gaitarekin egiten da eta ondoren badago beste partea tronboiarekin eta kaxoi flamenkorekin egindakoa. Kantua, instrumentala izateko, konpletoa da.

Bada kantu bat sentimendu askorekin, eta hori «Al ritmo de tus días»’ da, boleroa. Idazteko modua iruditu zait bitxia. Boleroetan ez dakit horrela idazten den berez, letra jotara gerturatzen delako errepikaren kontuarekin.

Ez dakit boleroetan ohikoa den. Nik ezagutzen ditudanetan ez, baina Claudiak barrutik kanpora idatzitako hitzak dira, eta berari galdetu behar litzaioke.

Esaldi gutxi atera zituen eta horrela ongi zegoela ikusten zuen. Hortaz, bortxaz gehiago idatzi beharrean, esaldien errepikapenekin jolas egin genuen. Niri, gainera, gauza hauek asko gustatzen zaizkit, ABBA formak eta horrelako gauzak. Oso polita geratu da, zerbait zirkularra.

Bukaerarako, ordea, klasiko bat utzi duzue.

Badakit Eñaut Elorrietak lehenagotik kantatzen zuela kantu hau, baina Ken Zazpiren lehenengo diskoan ezagutu nuen, ni haurra nintzela, ez dakit hamabi edo hamar urte izango nituen.

Aurreko diskokoekin batera egin genuen, rekamaran zegoen; baina lehenengo diskoa gehiegi ez saturatzeagatik eta bertsio talde bat ehuneko ehunean ez izateagatik, hor utzi genuen, baztertuta. Kantuak bazituen elementu hauek guztiak. Hasten zen motel, gero tonu aldaketak zituen, eta amaiera aldean abiadura igo diogu pixka bat, azkeneko parte hori saltsa estilo nabarmenago batean egiteko. Pozik geratu gara. Bertsio bat da, baina ‘‘El canto del cisne’’ gure bertsioei erreparatuta.

Uda bete samarra dator.

Ekainaren 23an, igandearekin, Guardian izango gara. Eta handik hilabetera, uztailaren 23an, Sallent de Gallegoko Pirineos Sur jaialdian. Uztailaren 27an, Soraluzen. Abuztuan, Altzon, Zarautzen, Tafallan, Aretxabaletan, Ondarroan, Los Arcosen, Sesman eta Zestoan.

«Urak eginen du bide», beraz.

Eginen du, bai.