Asier ROBLES
BILBO

Zortzi gazteri zor diena ordaintzeko exijitu diote Telepizzari

Ernaik eta LABek elkarretaratzea egin zuten atzo Bilboko Areatzan, exijitzeko 2022ko abenduan eta 2023ko urtarrilean BECeko Telepizzan lan egin zuten zortzi gazteei enpresak zor diena ordaindu diezaien.

Azaldu zuten gazteek Infojobsen bitartez topatu zutela lana, askorentzat lan merkatuan lehenengo esperientzia izanik, eta «nahiz eta hasiera batean haien abenduko nomina arazorik gabe jaso zuten, urtarrileko nomina ez zuten kobratu». Gero, LAB eta Ernairekin harremanetan jarri eta Telepizzari nominak ordaintzea exijitu ostean, apirilaren erdialdean, gazteek urtarrileko soldata kobratu zuten. Hala ere, sindikatuak dio Telepizzak gazteei ordaindutako nomina horiek ez daudela ondo eginda, «gazteek lan egin zutena baino ordu gutxiago agertzen direlako haien urtarrileko kontratuan».

Ernaik adierazi zuen Telepizzaren kasua ez dela arazo isolatu bat: «Zerbaitek ezaugarritzen badu gazteoi bideratutako enplegu eskaintza, prekaritatea da hori. Egun enpleguak ez du bizitza duintasunez garatzeko aukerarik bermatzen».

Gazte antolakundeak «beharrezkotzat» jotzen du gazteak esparru ezberdinetan antolatzea, sistema kapitalista gainditzeko bidean.