Inazio MURUA
ZORROZTARRIA

Amonaren paradoxa

Ursula von der Leyen izango omen da berriro Europako Batasuneko ardion artzain nagusia. Eta badirudi Europako Batzordeak ez duela bere baitan ultraeskuindarrik hartuko. Zer axola guri?, esango dute horiek aurrekoan egon gabe ere pozik egoteko moduan, eta ez bakarrik hauteskundeetan lortutako emaitzengatik, batez ere Europako Batasunak aurreko legegintzaldian euren politikak ezarri zituelako baizik.

Ultraeskuinak ez ezik, ardi askok ere begi onez ikusiko dute Von der Leyen Batasunaren buruan. Besterik ez bada ere, otsoekin duen jarreragatik. Kontu pertsonala bide da; horregatik, haren izena entzun orduko beste bi datozkit gogora: Dolly eta GW950m. Lehenengoa poney bat da; bigarrena, pasahitza ematen badu ere, otsoa.

Duela pare bat urte GW950m-k Dolly akabatu zuen, Von der Leyenen poneya, hain zuzen. Berehala identifikatu zuten otsoa, Dollyren hilketaren susmagarri nagusia baitzen eta poneyari egindako DNA probek baieztatu baitzuten haren egiletza. Delitu historia nabarmena zuen GW950mk orduko, eta indarrean zegoen bilatu eta atxilotzeko agindua. Bilatu eta akabatzekoa, alegia. Von der Leyenek ez omen zuen horretan zerikusirik izan; hala ere, Dollyren heriotzaren ondoren, otsoak babesteko neurrien aurka ahalegindu zen. «Otso taldeak Europako eskualde batzuetan pilatzea benetako arriskua bihurtu da aziendentzat eta potentzialki gizakientzat», esan zuen Dollyren heriotzaren urteurrenean. Europako Batzordeak proposatu zuen otsoa «erabat babestuta» barik «babestuta» baino ez egotea.

Zer izen arraio da GW950m? Ezin zioten Anjelmari jarri? Edo Fulgentzio, gure aitonari bezala? Amona ere etortzen zait gogora Europako Batzordeko presidentearen izena entzutean. Ursula zuen grazia hark ere; abizena, berriz, Otxoa.