JUN. 23 2024 EBra batzeko negoziazioak hastear, Errusiak energia instalazio ukrainarrei eraso die GARA KIEV Europako Batasunak (EB) ostiralean iragarri zuen asteartean hasiko dituela batasunera sartzeko negoziazioak Ukraina eta Moldaviarekin eta, ordu gutxiren buruan, Errusiak eraso egin zion Ukrainari. Herrialde honetako energia instalazioen eta Mendebaldeak emandako armen gordelekuen kontra jo zuen. Errusiako Defentsa Ministerioak zehaztu zuenez, erasotako energia instalazioek «Ukrainako gune militar-industrialaren lana» bermatzen zuten. Ministerio honek argitu zuen «Kieveko erregimenak» lehenago energia instalazio errusiarren kontra egin zituen erasoei erantzuteko modua izan zela ostiraleko oldarra. Urtearen hasieratik Ukrainak 50 eraso inguru egin ditu Errusiako erregai-tangen eta petrolio-findegien aurka. Zenbait adituk dioenez, Errusiaren azalera zabalak eta bere sektore energetikoaren handitasunak nabarmen zailtzen du instalazio hauek babestea. Are gehiago, kontuan izanda sistema antiaereo gehiena 1.000 kilometro luze den fronte ukrainarrean pilatzen dituela. «Erasoaren helburuak bete ziren. Helburu guztiak suntsitu ziren», adierazi zuen Defentsa Ministerio errusiarrak. Bestalde, Ukrainak atzo aitortu zuen Errusiaren erasoaldia jasan zuela bere energia sistemaren kontra, eta, ondorioz, Zaporizhia eta Leopolisko instalazioak kaltetu zirela.