GARA
TOKIO

AEBen base militarrak gutxitzeko eskatu du Japoniak Okinawako gudaren urteurrenean

Bigarren Mundu Gerran 82 egunez luzatu zen borroka basatiaren 79. urteurrena ospatu zuen atzo Okinawa irlak, eta, testuinguru horretan, Estatu Batuek bertan dituzten base militarrak «murrizteko» eskatu zuten agintari japoniarrek.

«Okinawak nahi duen bakea gauzatu dadin, base militar estatubatuarrak berrantolatu eta murriztu behar dira», adierazi zuen Denny Tamaki Okinawako gobernadoreak 1945eko apiriletik ekainera 200.000 hildako eragin zituen inbasio estatubatuarraren urteurreneko ekitaldian. Okinawa kokatzen den Ryukyu artxipelagoan daude AEBek Japonian dituzten baseen %75.

«Azken gerran, bataila izugarri baten eszenatoki bihurtu zen Okinawa. Gure ardura da hurrengo belaunaldiari transmititzea Okinawako batailaren errealitate tragikoa eta bakearen balioa», esan zuen, bestalde, Fumio Kishida Japoniako lehen ministroak.

Alta, artxipelago bereko Ishigaki uhartean, Kishidaren Gobernuak Japoniako Armadaren indarrak hedatu zituen iaz, Taiwanekin dituen tentsioak kari. Neurri horrek kritikak eta kezka eragin zituen bertako biztanleen artean; iritzi baitute artxipelagoa borroka berri baten agertoki bihur litekeela.