GARA Euskal Herriko egunkaria

Sare, 10 urte beteta: etxeratzea «euskal gizartearen erabakia» izan behar da

Sarek bere hamargarren urteurreneko ekitaldia egin du. Egindako bidea aitortu du, eta ondorioztatu gaurko egoerak ez duela zerikusirik duela 10 urtekoarekin; hobera egin duela nabarmen. Bestetik, egiteko dagoena nabarmendu du, presoen etxerako bidea. Noiz eta nola izan behar den, plataformaren ustez, euskal jendarteak erabaki behar du.

Jon Barbarinek dantza egin zuen urteurreneko ekitaldian. (Jagoba MANTEROLA | FOKU)

Presoak etxera noiz eta nola itzuli behar diren «euskal jendartearen erabakia» izan behar da, «bere erakunde politiko eta judizialen bidez» hartu behar dena, aldarrikatu zuen Sarek bere hamargarren urteurrena ospatzeko atzo Donostiako Zuloaga plazan egin zuen ekitaldian. «Azken» etaparako prest agertu zen plataforma herritarra, baina lortutako guztia ahaztu gabe: atzean da urruntzea, eta arau izateari utzi diote bakartzeek eta kondena osoa irauten zuten lehen graduek.

Urteurreneko talaiak lagundu zuen hamarkada batez Sarek eraiki duena erakusten, baina baita amaitzeko falta diren lanak identifikatzen ere. Jon Barbarin dantzariak, ate zuri bat baliatuta, plataformaren ibilbidea gorpuztu zuen: hamar urtotan ate ugari zabaltzeko bide izan da Sare; orain, eskuan du etorkizunerako giltza eta erabiltzeko prest da.

Euskal preso eta iheslarien giza eskubideak bete daitezela exijitzera mugatu du bere borroka Sarek urte hauetan guztietan, siglarik gabeko espazio ahalik eta zabalena sortuz eta, hala ere, zangotrabak gaindituz egin behar izan du bidea, eta nahi baino luzeagoa ari da izaten, Bego Atxa eta Joseba Azkarraga bozeramaileek aitortu zutenez. «Lan honi ekin genionean, esperantzaz uste genuen hastera zihoan abenturaren iraupena iragan diren 10 urteak baino laburragoa izango zela», adierazi zuten.

EGINDAKOA AITORTU...

Alta, zailtasunak ez dakar beti hutsa, mantso ibiltzea geldirik egotearen berdina ez den eran. Oinez edo lahuazka, Euskal Herriak duela hamar urte bizi zuen egoerarekin zerikusirik ez duen orain honetara iritsi da Sare; orain hau iritsarazi du. Eta plataformako kideek ziur esan zuten etapa berria aurrekoa baino laburragoa izango dela.

2014ko martxoaren 15ean publiko egin zen San Telmo adierazpena izan zen Sareren hazia. Dokumentu horrekin, gatazkaren ondorioak konpontzeko gutxieneko adostasuna bilatzen zen, alderdikeriak alde batera utzita, eta hiru ardatzetan lan egiteko konpromisoa: konponbidea, giza eskubideak eta bakea. Urte hartako ekainean Sare sortu zenetik, 34 urtez kistatu den euskal presoen urruntzearekin amaitzea lehentasunezko aldarria izan da plataforma herritarrarentzat, eta iaz lortutzat eman zuen helburua.

Hala, atzoko ekitaldian lortutakoaren balioa nabarmendu zuten: «Ez dugu ahaztu behar ezen, ez aspaldi, euskal presoak bakartzeko ziegak ez zirela salbuespena, araua baizik. Ez dugu ahaztu behar senitartekoek eta lagunek ehunka kilometroko bidaiak egin behar zituztela presoak ikusteko. Ez dugu ahaztu behar preso horien zigorrak espetxeetako lehen graduan betetzen zirela ia osorik».

... ETA SEGI

Aurrerantzean ere helmugak erdiesteko ibilian segituko du Sarek, jakinik, gainera, alde duela Euskal Herriko gizartearen gehiengoa, «bai eta biktima askoren onarpena ere», bozeramaileek nabarmendu zutenez.

Eskarmentudun pertsonek osatzen dute Sare eta, beraz, badakite egiteko dagoena ez dela erraza izango. «Badakigu judikaturan, politikan eta hedabide batzuetan zenbait sektore aurrerapauso horien kontra daudela», ohartarazi zuten, eta esan «euskal gizartearentzat onura ekarri behar duen prozesu batek aurrera egiteari betoa edo blokeoa» ezartzen jarraituko dutela, Auzitegi Nazionala gradu erregresioekin egiten ari den moduan.

«Ez gara isilduko bidegabekeria hori ikusita», zin egin zuten Atxak eta Azkarragak, sinetsita baitaude garaia dela «euskal presoen eskubideak urratzen dituzten salbuespenei bukaera emateko».

Argi adierazi zuten preso eta iheslariak etxeratze bidean jartzeko garaia dela, iaz “Konponbiderako giltzak” dinamikarekin abiatu zuten bidetik. «Konponbiderako giltzak esaten dugunean, esan nahi dugu euskal gizarteak erabaki behar duela, bere erakunde politiko eta judizialen bidez, euskal presoek noiz eta nola itzuli behar duten etxera», zehaztu zuten bozeramaileek.