A. G.
PILOTA

Ezkurdiaren kolpeen abiadurak Javi Zabala airean eraman du

Ezkurdia, jaun eta jabe eta pozarren.
Ezkurdia, jaun eta jabe eta pozarren. (Iñigo URIZ | FOKU)

«Bolada baxu xamarra izan eta gero, entrenamenduetan gose hori berreskuratu dut, baina kostatzen ari zitzaidan partidetan entrenamenduetako maila errepikatzea, agian asko estutzen dudalako neure burua. Baina oso ongi sentitu naiz, oso erasokor, eta pilota eskutik bizi atera zait. Zabalari jokatzen utziz gero, oso arriskutsua da, eta hori saihestu nahi nuen. Ez da erraza izan, baina lortu dut eta gustura nago», adierazi zuen Joseba Ezkurdiak, atzo Eibarko Astelenan Javi Zabalari Lau eta Erdiko San Fermin Torneoko Asperen adarrari zegokion kanporaketa nagusitasunez aurrera atera ostean.

Ostegunean Peio Etxeberria Zumarragan izango du aurrez aurre Arbizukoak, atzo Javi Zabala errioxarra airean erabili eta gero. Naiarako aurrelariak 10-8kora arte eutsi zion Ezkurdiaren joari, baina Ezkurdiak bigarren erdian maila hobetu zuen eran, Zabalak behar baino gehiago egin zuen huts -batik bat aukerako pilota pare bat eta luzeegi atera zuen sake bat tartean-, eta aurreneko atsedenalditik amaierara bitartean, Ezkurdia nagusi izan zen.

«Aurreneko atsedenaldian hitz egin dut anaiarekin -Mattin Ezkurdiarekin, alegia- lehenengo tanto horietan zabaletik txapapera jota edo ezkerrez galdutako pilota horiek ezin zirela bigarren zatian errepikatu. Lortu dugu eta Zabala partidatik ateratzea lortu dugu, gainera», nabarmendu zuen Ezkurdiak, Astelena pilotalekuan eman zuen mailarekin pozik.