GARA Euskal Herriko egunkaria

Kantak


Kantua eta kontua askotan elkarrekin doaz edo elkarren ondoan. Leire Diaz de Gereñu ahozko kontakizunen ikerlariak dio kontalari guztiek abesten dutela, gutxi edo asko, kanta sinplea edo erromantze bat. Kantua ipuin barruan txertatuta egon daiteke edo ipuinaren bertsio bera kantu batean ager daiteke. “Artolak deuko” albokarako kantua kontakizun gisa ere ematen du Doro kontalariak. Azkuek bilduta dauka narrazio gisa Alostorreko istorioa, bere kantua duena ere. Ahozkotasunak bide desberdinak ditu bere istorioak azaltzeko, eta kontatzen duenak horrekin jolasten jakin beharko luke.

Guadalajaran (Espainia) egiten den Ipuin Maratoiak musika izan du 33. edizioko gaia. Ideia zoragarria izan da benetan; izan ere, hiru egunez, gau eta egun, kontalari profesionalek eta zaletuek hitzen pentagramak hamaika modu desberdinetan osa daitezkeela erakutsi dute. Esango nuke beste edizio batzuetan ikusi ez den irudimen dantza ikusi dela aurten. Ikusleak kantari, dantzari, kantu klasikoak, berriak, moldatuak, asmatuak, musika-tresna ezinezkoak… eta guztiak kontakizunarekin bat eginda.

Kontalariak bere baitan istorioa hazten uzten duen bezala, sentitu behar du istorioa nola dantzatzen duen, ze erritmotan mugitzen den, ze afinaziotan kantatzen dion. Orduan, hitzaren festan guztiok dantzatuko gara.