GARA
BILBO

Clarisa Navas: «Sariak balio du hain bakarrik ez gaudela sentiarazteko»

Clarisa Navasek bere herriak bizi duen egoera zaila izan zuen hizpide Zinegoak jaialdiaren Ohorezko Saria jaso aurretik egindako agerraldian. «Kultur adierazpen guztiak, hemen bizi garenon eskubideak, baita herri honen memoria ere, sistematikoki suntsitzeko plana ikaragarria da. Oso nekagarria da, egunero borroka egin behar delako», adierazi zuen. 21. edizioa hasi da eta aurretik astebeteko egitarau oparoa dute zaleek zain.

Clarisa Navas zinemagile argentinarra, pozarren, atzo Bilbon.
Clarisa Navas zinemagile argentinarra, pozarren, atzo Bilbon. (Oskar MATXIN EDESA | FOKU)

Zinegoak, LGTBIQ+ Zinema eta Arte Eszenikoen Bilboko Jaialdiak, atzo ekin zion 21. edizioaren bideari. Arriaga antzokiak hartu zuen hasiera ekitaldia. Bertan, Clarisa Navas zinegile argentinarraren presentzia nabarmendu zen, Zinegoak 2024 Ohorezko Saria bertan jaso baitzuen.

Ordu batzuk lehenago, hedabideen aurrean agertu zen. “Hoy partido a las 3” eta “Las mil y una” film luzeen zuzendaria eskertuta eta hunkituta agertu zen Zinegoak jaialdiko sari nagusiarekin. «Uste dut horrelako aitortza batek balio duela hain bakarrik ez gaudela sentiarazteko. Asko hunkitu ninduen albistea iritsi zenean, hemen dena oso zail baitago, eta batzuetan badirudi ezerk ez duela zentzurik. Etorkizuna oso hondatuta dago, baina elkartuz gero, zerbait gerta liteke. Bihotzez eskertzen dizuet, besarkada luze bat bezala sentitu dut», adierazi zuen.

Zinegoakeko zuzendari Alaitz Arenzanak Navasek zinema egiteko duen modua azpimarratu zuen: «Zuzendari, gidoilari eta produktore bat da, klase eta genero ikuspegidun zinema garatzen duena, pasioz eta konbentzimenduz. Zinema horrek sorkuntza kolektiboko prozesuak sustatzen ditu, eraldaketarako motor eta palanka gisa».

BIZI-BALDINTZAK AMILDU

Navasek gaur egun Argentinan bizi den egoerari buruz ohartarazi zuen: «Zaila da sentsazioa azaltzea, baina hilabete hauetan, ultraeskuina gobernura heldu zenez geroztik, bizi-baldintzak amildu egin dira gehienentzat. Kultur adierazpen guztiak, hemen bizi garenon eskubideak, baita herri honen memoria ere, sistematikoki suntsitzeko plana ikaragarria da. Oso nekagarria da, egunero borroka egin behar delako. Hori dela eta, zaila da pentsatzea nola jarraitu zinema egiten, edo zer leku izan dezakeen film batek herrialdearen ia erdiak gosea duenean. Hala eta guztiz ere, bizitzen ari garen hondamendi sozial hori beste zerbait imajinatuz ere eraiki behar da. Uste dut guk, queer garenok, pixka bat grabatuta daukagula hori, beharrezkoa dela borrokatzea eta desiratzea, bestelako mundu bat amesteko eta sortzeko. Orain hemen berriro okertzen ari da, eta horrek larritasun handia sortzen du, baina ez diogu utziko hain erraz gertatzen».

Zinemagileak gaur egun lantzen ari den proiektuak ere aipatu zituen: «‘El príncipe de Nanawa’ amaitzen saiatzen ari gara. Duela ia 10 urte hasi genuen film hori, eta prozesu txiki batetik ere sortzen da, Paraguaiko eta Argentinako mugan kasualitatez ezagutu nuen haur baten ondorioz. Gauza askok hunkitu ninduten beraz: bere amets eta desio guztiak entzun nituen. Munduan orain dela gutxi zegoen, baina berak bazekien gauzak ez zeudela ondo eta, hala ere, errealitate ezberdin bat imajinatzera ausartzen zen, dena aldez aurretik galduta egon arren. Une horretatik denbora asko igaro da, eta bizi-baldintzak asko okertu dira, amets batzuk bete ahal izan dira, gehienak ez, baina maitasun bat dago, denboran irauten duena».

Astebetez Zinegoakek hamaika jarduera antolatu ditu sexu-aniztasunarekin eta kulturarekin lotuta, Bilboko hainbat aretotan.

Nazioarteko hainbat gonbidatu ere egongo dira Bilbon, jaialdiak antolatu dituen solasaldi eta aurkezpenetan parte hartzeko: Karan Vuslat zuzendari turkiarra (“Mavi Kimlik”) Adrian Silvestre zuzendaria (“Hágase tu voluntad”), Kotsikos Filippos-Evangelos drag aktore greziarra (“Avant-Drag!”), Maria Gisele Royo eta Julia de Castro (“On The Go”), besteak beste.