JUN. 26 2024 Auzitegi Nagusiak Amnistia Legea ezarri du lehenengoz: Miquel Buch-i eta Puigdemonten bizkartzain ohi bati Miquel Buch, Bartzelonako epaitegian. (D. ZORRIKANO | EUROPA PRESS) GARA BARTZELONA Miquel Buch Generalitateko Barne kontseilari ohiari eta Lluis Escolari, alegia, Carles Puigdemont presidente ohiaren bizkartzainari, amnistia eman die Kataluniako Auzitegi Nagusiko Arlo Zibil eta Penaleko Salako apelazio sekzioak. Gainera, hiru kondenaturi amnistia eman die 2020ko urriaren 1ean Bartzelonan izandako protestengatik. Amnistiaren Legea aplikatzen zaien proces delakoagatik zigortutako lehenak dira. Auzitegiak Buch eta Escolari erantzukizun penala ken-tzea erabaki du, «instantzian erantzukizun kriminala deklaratzeko egintzak amnistiatuta geratu direlako». Lau urte eta erdiko kartzela-zigorra eta 10 urte eta erdiko inhabilitazioa ezarri zioten kontseilari ohiari, Lluis Escola mosso d 'Esquadra izendatzeagatik. Horrez gain, lau urteko kartzela-zigorra ere ezarri zioten, Carles Puigdemont presidente ohia erbestean eskoltatzeko agindua eman zuelako, Espainiako Estatuak 155. artikulua ezarri ostean. LEHEN AKATSAK Apelazio Aretoak bilera egin zuen atzo, proces auziari lotutako zortzi kondenen balizko amnistiak ebazteko. Kontseilari ohiaren kasuan, bere erantzukizun penala eta bere ekintzen ondoriozko erantzukizun zibila azkendu direla erabaki zuten, eta deuseztatuta geratzen dira. Gainera, epaiak dio «era berean ezereztuko direla berariaz amnistiatutako egintzen ondorioz soilik egindako erregistro, idatz-ohar eta aurrekari guztiak, polizialak barne». 2020ko urriaren 1ean Bartzelonan izandako protestengatik zigortutako hiru pertsonen kasuan, auzitegiak erantzukizun penalaren azkentzea deklaratu zuen, «instantzian erantzukizun kriminala deklaratzeko egintzak amnistiatuta geratu direlako». Epaiak jasotzen duenez, ondoriorik gabe geratuko dira hartu diren kautelazko neurri pertsonalak eta ondarezkoak. Pere Aragones Generalitateko jarduneko presidenteak atzo adierazi zuenez, «justizia egiten hasi dira».