GARA
BAIONA

Cachenaut: «Errepublika gorrotatzen duen EH Bai dago Echanizen atzean»

Beñat Cachenaut, LRren hautagaia da laugarrenean.
Beñat Cachenaut, LRren hautagaia da laugarrenean. (Guillaime FAUVEAU)

Beñat Cachenaut Iholdiko auzapezak eta Errepublikanoak (LR) alderdiaren hautagaiak laugarren hauteskunde barrutian zentro eta eskuineko boto-emaileei zuzenduriko gutuna plazaratu du.

Jacques Chirac frantziar presidente ohia eta, gertuago, besteak beste, Michele Alliot-Marie (MAM) ikur izan zituen RPR alderdian 18 urterekin izena eman zuela azaldu du bere gutunaren hasieran Cachenautek. Handik honat, «askatasuna, zuzentasuna eta autoritatea» dituen baloreak fideltasunez defendatu dituela ziurtatu du eskutitz horretan.

«Alde bateko zein besteko muturren gorakadaren aitzinean», esperantza mezua nahi diela igorri azaldu die, ondoren, hautagai kontserbadoreak zentro eta eskuineko boto-emaileei.

Handik goiti, azken bi urteetan diputatu gisa jardun duen Iñaki Echaniz diputatu sozialista jomugan jarri du. Orain bi urte Nupes aliantza ordezkatu zuen ordezkari sozialista hauteskunde hauetan Cachenautek «muturreko ezkerren aliantza»-tzat jotzen duen Fronte Herritar Berriarekin (NFP, siglak frantsesez) aurkeztuko da.

LANJERAK EZKERREAN DAUDE

Iñaki Echanizen hautagaitzaren gibelean ondoko hiru lanjera irudikatu ditu Cachenautek.

Lehenik eta behin, Echanizek «antisemitismoarekin maite kontuetan jarduten duen» Jean-Luc Melenchonen Frantzia Intsumitua (LFI) duela bizkarrean adierazi du.

Ondotik, «jende orok Polizia gorrotatzen duen leloa barreiatzen duen» Philippe Poutou (NPA) dagoela nabarmendu du LRko lehiakideak.

Finean, NFPk laugarren hauteskunde barrutian aurkezten duen hautagaiaren gibelean «Errepublika gorrotzen duen EH Bai» dagoela oharra egin du Cachenautek.

«Ezker muturraren aurrean alternatiba zentzudun bakarra dela» aldarrikatuz, bere hautagaitzaren barnean botoak metatzeko deia zabaldu du Iholdiko auzapezak. Bere mezuari indarra eman nahian, laugarren hauteskunde barrutian berriro lehiatuko den Jean Lassalle diputatu ohiaren aurka jo du Iholdikoak.

France 3 telebistan eginiko eztabaida batean, 2022an Iñaki Echanizen aldeko botoa eman zuela aitortu du berriki Lassallek. Bere boto aitorpena itsustuz, berak azkeneko hauteskunde legegileen bigarren itzulian lehia galdu zuen Macronen aldeko hautagaia, Annick Trounday, babestu zuela defendatu du Cachenautek. LRko hautagaiaren esamoldeak eskuinak boz hauetan tokia atzemateko dituen arazoak agerian uzten ditu. RNren gorakada, alde batetik, baina batez ere Eric Ciotti Errepublikanoen buruak eskuin-muturrarekin aliantza egiteko egin duen urratsak arrakala handia sortu du. Pirinio Atlantikoen Departamenduan, LR alderdiaren buruari, Max Brissoni, trabak ez zaizkio falta. Seigarren barrutian (Hego Lapurdi), Emmanuelle Brissonen alaba da Errepublikanoen zerrendaburua. Alta, Mediabaskek atzo argitaratu zuenez, parez pare izanen duen «eskuinen batasuneko» hautagai den Victor Lastecoueres biarnesak Ciotti eta RN arteko aliantza gauzatu eta bi egunetara bere izena eman zuen LRko militante gisa.