Alaia SIERRA
GASTEIZ

«Hemen erabakitzeko», ekiteko eskatu dute langile publikoek

Zerbitzu publikoetako langileek soldatari eta lan baldintzei buruzko erabakiak «hemen hartzeko» eta «hitzetik ekintzara pasatzeko» eskatu diete Araba, Bizkai eta Gipuzkoako Foru Aldundiei, Udalei, osatu berri den Lakuako Gobernuari eta Nafarroako Gobernuari.

Aldarrikapena elkarretaratze batekin eraman zuten atzo Gobernu espainolak Gasteizen duen ordezkaritzaren aurrera ELA, LAB, CCOO, Steilas eta ESK sindikatuek. Izan ere, atzo onartu zen Madrilen langile publikoentzako %2,5eko soldata igoera.

Azaldu zutenez, Estatuaren erabaki honek suposatzen duena «langile publikoen erosteko ahalmenean galera ezartzea» da. Zerbitzu publikoetako ELA sindikatuko idazkari nagusia den Igor Eizagirrek hedabideei emandako adierazpenetan salatu zuenez, erosahalmenaren %6ko galera ekarriko du.

LABen izenean, Irati Tobarrek «Madrilgo inposizioak» ez dituztela onartuko argi utzi zuen. Azken urteotan ardurak Gobernu espainolari uzten «oso eroso» egon den EAJri eta «ardura daukaten» beste alderdiei «langileoi dagokigun soldata eta erosahalmena benetan hemen negoziatu eta adosteko» exijitu zien, «borondate politikoen kontua» dela gaineratuz.