Peli LEKUONA
URRUÑA
Interview
PEIO DUFAU
Seigarren hautesbarrutiko hautagaia (Fronte Popular Berria)

«Parisera hiru ordezkari euskaltzale igortzeko aukera dugu»

Ipar Euskal Herrian Fronte Popular Berriak irabaztekotan ezin zela euskararen aurkako hautagairik izan ohartarazi zioten Melenchoni, «eta ongi entzuna izan zen mezu hori», Peio Dufauren arabera. Hiru hautesbarrutietan irabazteko aukeraz mintzo da Fronteko EH Baiko hautagaia lehen itzuliaren atarian, NAIZ Irratiari eskainitako elkarrizketan.

(Guillaume FAUVEAU)

Hauteskunde legegileetan seigarren barrutiko hautagaia da Fronte Popular Berriaren aldetik. EH Baiko kidea eta Ziburuko alkate ordea ere bada Peio Dufau. Sindikalista gisa izan da aurrez ezaguna, eta baita Bake Bidean izan duen parte hartzeagatik ere.

Europako hauteskunde gauean bertan Macronek hauteskundeetara deitu zuenean, zer pentsatu zenuen?

Historikoa litzatekeela ezker guztia batzea, eta hori da gertatu dena. Parisen fronte herritar bat eraikitzen ari zela jakitean, EH Baik txalotu egin zuen hori publikoki, eta berehala ezkertiar horiek etorri dira EH Bairengana hitz egiteko eta ikusteko nola egin bat Ipar Euskal Herriko hiru hautesbarrutietan.

Ekainaren 9an ultraeskuina izan zen lehen indarra herri askotan, zergatik?

Macronek eraman duen politikak sekulako kalteak sortu ditu, haserrea eragin du. Gainera, eskuin muturraren alde jokatzen dute hedabide nagusiek, dirudunak direlako euren jabe, eta dirudunek nahiko begi onez ikusten dutelako, Macron ez bada, Jordan Bardella (RN) izatea; ekonomikoki antzekoa litzatekeelako. Guk badakigu onartu ezinezko helburuak dituztela eta horren aurka egiteko batu gara.

Nolako harrera izan du EH Baik gainerako ezkerreko mugimenduen artean?

Bereziki baikorra. Helburua irabaztea da, parean eskuin muturra dugu.

Euskal Herriari buruzko puntu batzuk baziren beharrezkoak zirenak: euskararen egoera babestea, koofizialtasuna, Herri Elkargoaren etorkizuna... Hainbat puntu eraman ditugu mahai gainera eta esan diegu: «Parisko ezkerreko puntuekin guk bat egiten dugu, baina kontsentsu bat nahi dugu hemen gure puntuekin, Euskal Herriari lotuak diren puntuekin». Horiek onartu dituzte arazorik gabe, eta lan egiten dugu elkarrekin.

Anitz urtez abertzaleok edo ezkertiarrok kontra bozkatu dugu, orain bada proiektu bat ezkertiar alderdiok bat eginik aurrera eramateko prest garena, esperantza pizten duena eta eskuin muturrari aurre egiteko beharrezkoa dena.

Frantziako ezkerrak Euskal Herriarekiko izan duen jarrera kontuan hartuta, nola azaldu EH Baik egindako hautua?

Garrantzitsua da urratsa guretzat, historikoa. EH Baitik hitz egin genuen Parisekin zuzenean, La France Insoumiseko (LFI) buruarekin, eta esan genion «hemen ezkerrak irabazi nahi badu ezin direla jarri LFIko batzuk ez direnak euskararen alde edo Euskal Herriaren alde», eta ongi entzuna izan da mezu hori. Hiru hautesbarrutietan irabazgai dira hautagaiak.

Gauza anitz mugitu dira denbora tarte oso motzean, eskuin muturra aurrean genuela ikusi genuen eta ez genuen beste aukerarik, ezkertiarrok irabazi nahi bagenion.

Euskara, aitortza instituzionala... gainerakoek berehala onartu dituzte ala zailtasunak izan dira?

Tokiko hautagaiek berehala onartu dituzte. Capdevielle garaian diputatua izan zelarik bake prozesuaren alde aritu zen eta jakinean da. Iñaki Echanizek bi urte daramatza diputatu eta denbora horretan defenditu ditu euskara, bake prozesua, etxebizitza, tokiko laborantza... Historikoa da emaitza, eta baliteke Euskal Herritik hiru ordezkari igortzea Parisera; hiru, gutxienez, euskaltzale, esango nuke.

Ezkerreko alderdien arteko oraingo sinergiek gerorako ere balioko dute?

Bai, argiki. Ni Ziburun auzapez ordea naiz; bertan, auzapez abertzalea izan arren, batasun bat eraiki dugu ekologistekin, alderdi sozialistakoekin... ez bakarrik Ziburun, baita beste hainbat lekutan ere. Oraingo urratsaren bidetik segi dezagun eraikitzen. Norbaitek esan zidan Ipar Euskal Herri honetan paretak baizik ez direla ezkerrean, baina ez nago ados; ezkerra zatituta egon denez, emaitzak ahulak izan dira, orain beste bide bat irekitzen ari da: Euskal Herriaren errespetuan oinarritua, ezkertiar izateaz harago. Biak behar dira lotu, eta ari gara elkar lotzen.

Bigarren itzulira igarotzen bazarete, zer espero duzue pasa ez direnen aldetik?

Eskuin muturrari aurre egin behar zaio eta besteek ere badakite hori. Auzapez abertzaleak dauden herrietan ikusi dute gainerakoek nola lan egiten dugun egunero beste alderdi guztiekin, baita eskuindarrekin ere. Erakutsi dugu bidea hainbat urtez, eta ezin dut sinetsi, ezta eskuindar baten kasuan ere, eskuin muturraren aldeko botoa eskatuko dutenik, gu parean izanda. Ez dut sinesten ahal, ez baita onargarria.