GARA
HERNANI

Zupiriaren aurkako mezuak kentzeko agindu du Hernaniko Udalak

Hernanin Bingen Zupiriaren aurka negutegi batzuetan atzo agertu ziren pintadek gaitzespen adierazpenak eragin zituzten. «Zipaios en lucha. Tiro en la nuka. Bingen erne ibili» esaldiak EAJ sionistekin eta naziekin alderatzen duten ikurrak ziren, Imanol Lasa GBBko kideak X-n zabaldu zuenez.

Horren harira, EAJk «irmotasun osoz» gaitzetsi zuen erasoa, «Euskadik jada atzean utzi duen garai batera garamatzana. Irainak, mehatxuak eta xantaiak ez dute tokirik gizarte demokratiko batean. Gainerako alderdi politikoei eskatzen diegu ekintza hau irmotasun berarekin gaitzestea».

Hernaniko Udalak adierazpen bat onartu zuen, «halako ekintzak onartezinak» direla azpimarratuz: «Bertan mehatxu egin zaien herri erakundeei eta haren ordezkariei, kasu honetan, Bingen Zupiriari, elkartasuna eta babesa adierazten diegu».

«Beti egiten dugun moduan, ezabatzeko agindua emanda dago», esan zuen Xabier Lertxundi alkateak.