GARA Euskal Herriko egunkaria

Berretsi da etxeko beharginek langabeziarako eskubidea dutela

Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak jakinarazi duenez, EAEko Auzitegi Nagusiak onartu du etxeko langile batek langabezia-prestazioa kobratzeko eskubidea duela. Elkarteak Lan Ministerio espainiarraren eta Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoaren jarrera deitoratu du.

Bizkaiko Etxeko Langileen Elkartearen agerraldi baten artxiboko irudia. (Aritz LOIOLA | FOKU)

EAEko Auzitegi Nagusiak berriro onartu du etxeko langile batek langabezia-prestazioa kobratzeko eskubidea duela gainerako langileen baldintza berberetan, Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak (ELE) atzo jakinarazi zuenez.

Joan den ekainaren 11n emandako epaiak atzera bota zuen Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak (SEPE) Bilboko Lan Arloko epaitegian aurkeztu zuen helegitea. ELEk ohar baten bidez eman zuen ezagutzera kasua. Bere informazioaren arabera, SEPEk langabeziaren prestazioa ukatu zion etxeko langile bati, azken sei urteetan ez zuelako 360 egunez kotizatu. Hala ere, epaitegiak arrazoia eman dio beharginari, kaleratua izan baino lehenago ia 10 urte kotizatuta zituelako.

Gainera, Bizkaiko elkarteak gogora ekarri zuen Europako Batasuneko Justizia Auzitegiak «diskriminatzailetzat eta Erkidegoko zuzenbidearen aurkakotzat» jo zuela etxeko langileak langabezia-prestaziorik gabe uztea.

Bizkaiko Etxeko Langileen Elkarteak gogora ekarri zuenez, Europako auzitegiaren ebazpen horrek «Espainiako Gobernua legea aldatzera behartu zuen», eta 2022ko urriaren 1etik aurrera, langabezia jasotzeko eskubidea izan beharko lukete etxeetan lan egiten duten beharginek.

«Epai hori ez da berria; izan ere, duela bi urte baino gehiago Aragoiko, Kataluniako, Galiziako eta Madrilgo Justizia Auzitegi Nagusiek beren langabezia-egoeraren aurreko aldi kotizatuak kontuan hartzeko eskatzen zuten langileen eskari guztiak aintzat hartu zituzten, baita kotizatzen utzi ez eta diskriminazioa pairatzen pasatzen zuten denbora guztia ere», esplikatu zuen elkarteak oharrean.

HOBETZEKO MARJINA

Bizkaiko ELEk Euskal Autonomia Erkidegoko Auzitegi Nagusiaren epaia txalotu zuen oharraren bitartez, baina etxeko langileen eskubideak hobetzeko daudela gogorarazi zuen. Izan ere, gaur-gaurkoz, 180 egunen ostean langabezia prestazioa osorik jasotzeari uzten diote etxeko langileek; hau da, gainontzeko beharginek baino epe laburragoan. «Diskriminaziorik gabeko tratua jasotzeko 720 eguneko eskubidea izan beharko lukete», aldarrikatu zuen ELEk.

Era berean, etxeko langileen eskubideen alde egiten duen elkarteak gaitzetsi zuen 52 urtetik gorako beharginei subsidioa ukatzen diela SEPEk, «langabeziarako sei urte kotizatuta ez dituztelako». «SEPEk, Lan Ministerioak, Yolanda Diaz ministroak... ondo dakite dagoeneko aitortuta dauden eskubideak murrizten ari direla; ahal duten beste atzeratzen ari dira eskubide horien aplikazioa», ohartarazi zuen ELEk.