Iker LAUZIRIKA, Amaia MOLERO, Iñigo MUÑOZ*
EHU Palestina
KOLABORAZIOA

EHU genozidioaren aurrean

Jakina da Beasaingo CAF enpresa Jerusalem Ekialdeko legez kanpoko kokalekuak hiriaren erdigunearekin lotzen dituen tranbia eraikitzen dabilela. HPk garatzen du Israelgo Defentsa Indarrek checkpointetan palestinarren mugimenduak kontrolatzeko darabilten teknologia, eta AXA aseguru-etxeak Palestinako lurraldeen kolonizazioan parte hartzen duten armamentu-, banku- eta azpiegitura-enpresetan inbertitzen du.

Euskal Herriko Unibertsitateak (EHU) badu lotura esturik zein irabazi handiko kontraturik enpresa horiekin. Ingeniaritza Eskolak enpresa-gela bat du CAFen. EHUn erabiltzen diren gailu gehienak HP enpresarenak dira eta AXA-rekin egiten dira egonaldien bidaia-aseguruak. Hori gutxi balitz, Unibertsitate publikoak 4,2 milioi euro inguru jasoko ditu Europako funts publikoetatik, zer eta Israelgo hainbat erakundek parte hartzen duten 9 ikerketa-proiekturen barruan. Tartean, Technion ikerketa-zentroa: palestinarren etxeak eraisteko erabiltzen diren bulldozerrak garatu dituena.

Orobat, unibertsitateak zeharo sartuta daude Israelgo erregimenarekin osatutako konplizitate sareetan. Esaterako, Horizon Europe programaren bidez industria israeldarrera 126 milioi euroko funtsak bideratu dira. Ildo honetatik, argi dago EHU ere, beste behin, urrun dagoela bere komunitatearen gehiengoaren ezinegonetik.

Israel teknologia aurreratuena garatzen ari da garbiketa etniko eta genozidioko praktika berriak asmatzeko. Jarri du dagoeneko, Palestina eta Libanon; eta beste lurraldeetara zabaltzeko mehatxua ere egin du. «Genozidio ekologikoa» edo «erreprodukzio-genozidioa» egiten ari da, Talde Feminista Palestinarraren hitzetan. Alegia, biziraupenerako eta gizarte-birprodukziorako baliabide eta azpiegiturak masiboki eta estrategikoki suntsitzea.

Gazako epistemizidioa eta akademizidioa ere aurrekaririk gabeko eskalan areagotu dira. Suntsitu dira hezkuntza-sarea, unibertsitateak eta ezagutza-sistemak. Israelek erakutsi du zein den bere ideala: gizarte militarizatua, arraza-bereizketa esplizitu eta planteamendu guztiz supremazistetan oinarritua.

High-tech genozidio hori beren burua demokratikotzat duten estatu askoren konplizitate politiko, akademiko eta enpresarialak egiten du posible. Egoera lazgarri horren aurrean eta gobernuek egin ezean, herritarroi dagokigu presionatzea. Hala, ikasle, irakasle, ikertzaile eta administrazio eta zerbitzuetako langileok Palestina babesteko konpromiso irmoa eskatu diogu UPV/EHUri: Israelgo unibertsitateez gain, genozidioaren konplize diren erakunde eta enpresekin edonolako harremanak haustea. Horren harira, EHUko Gobernu Kontseiluak “Palestina laguntzeko manifestua Gazako hondamendi humanitarioaren aurrean” onartu zuen 2024ko apirilaren 24an. Sarreran aipaturiko enpresekiko harremanak, ordea, berdin dirau. Hala ere, artikulu hau idazten ari ginen bitartean, sindikatuek, Gipuzkoako BDZ mugimenduak zein EHU Palestinak berak egindako salaketa eta presioek Gipuzkoako Campusak CAFekin sinatzeko zuen beste akordio bat geldiarazi dute.

Ildo horretatik, asmo-adierazpen hutsez harago, genozidioaren legitimazio eta babes-sarea aktiboki hausteko exijitzen dugu. Horretarako, batzorde bat sortzeko eskatzen dugu, jarraitu beharreko estrategiak eta dimentsioak aztertzeko. Batzorde ireki, publiko eta gardena behar du izan, eraginkorra eta baliabidez hornitua. Lehen egitekoa arestian aipatu enpresa eta erakundeekin haustura martxan jartzea litzateke. Ondoren, unibertsitateak apartheidaren, kolonizazioaren eta genozidioaren konplize diren beste erakundeekin dituen harremanak monitorizatu eta hausteko prozedurak martxan jarriko lituzke. Halaber, batzordea egokia izan liteke errefuxiatuak hartzeko programak garatzeko edota ziurtatzeko unibertsitateak berreraikuntzak palestinar interesei erantzuten diela.

Unibertsitatea ekintza-gaitasun handiko erakundea da. Unibertsitatea bera horren jakitun da, baina ez dago beti gaitasun hori erabiltzeko prest. Batzorde bat eratzea aurrerapauso bat litzateke mendebaldeko gizarteetako lotura kolonialak eta militarrak gainbegiratu, eta beste norabide bat emateko. Noski, unibertsitatea ez da hori egin beharko lukeen erakunde bakarra. Baina bertan eragin nahi dugu, kritika eta gizarte-konpromisoa bere egiten dituelako eta bertara ikasi, irakatsi, ikertu eta pentsatzera goazelako.

*Sinatzaileak: Iker Lauzirika (ikertzailea), Amaia Molero (ikaslea), Iñigo Muñoz (Tekazel), Asier Amezaga (irakaslea), Estibaliz de Miguel (irakaslea) eta Uxue Iturriondobeitia (ikaslea).