GARA Euskal Herriko egunkaria

«Robot Dreams» fenomenoa


Pablo Berger bilbotarrak zuzendu duen eta Lokiz Films ekoiztetxe nafarraren babesa duen “Robot Dreams” nazioarteko fenomeno bilakatu da: Mexikon milioi bat ikusletik gora izan ditu eta Korean eta Txinan ere liluratuta utzi ditu bertako ikusleak. 5 milioi dolar bildu ditu guztira mundu osoan.

Sara Varonen eleberri grafiko ezagunean oinarrituta, Manhattanen bizi den Dog txakur bakartiaren istorioa azaltzen du. Elkarrizketarik gabeko harribitxia da. Nazioarteko onespena iristearekin batera, euskal animazioak oro har eztanda moduko bat bizi duela esan daiteke. Arrazoi nagusi bakar bat baino, leherketaren zergatia faktore ugariren batura dela esango nuke. Batetik, elkarlanen zein koprodukzioen formula interesgarria. Helduentzako proposamenak zein kalitatezko narratibak planteatzeaz gain, horiei loturiko eztabaidagaiak jorratzen dituztela ere nabarmentzekoa da; hausnarketa politikoak, feminismoa, bakardadea…

Mezu horiek helarazteko modua ere aztertzeko modukoa da: marrazki horiei mugimendua, forma eta soinua emateko orduan garapen oso nabarmena egon da, eta azken urteotan teknika desberdinei atea ireki zaie.

Lan hauek guztiak nazioartean erakusteaz gain, kritikari zein jaialdi ugariren onespena ere jaso dute. Osagai hauek guztiak koktel-ontzi berean sartu eta bertan topatuko duzu eztandaren zergatia.