Maite UBIRIA BEAUMONT
BAIONA

Lehen itzulitik hautu antifaxista egin dute hainbat euskal eragilek

RNren aurkako zenbait martxa izan dira kanpainan.
RNren aurkako zenbait martxa izan dira kanpainan. (Guillaume FAUVEAU)

Harrabotsa eragin zuen kanpaina hasi eta berehala CGT sindikatuak eginiko adierazpenak. Aurreko bozetan ez bezala, oraingoan boto-paper zehatza hautatzeko deia egin du 2022ko datuen arabera 640.000 afiliatu dituen estatu mailako bigarren sindikatuak.

Europar hauteskundeetan Le Pen-en Batasun Nazionalak (RN) lortu zuen garaipenari erantzunez, herritarrek tarrapatan hartu zituzten Baionako karrikak. Horren ostean, CFDT, CGT, UNSA, FSU, Solidaires eta LAB sindikatuek Ipar Euskal Herrian osatzen duten intersindikalak erantzun antolatu bat proposatu zuen, ekainaren 15ean. 3.000 herritarretik gora elkartu ziren, salatzeko eskuin muturren gorakada Emmanuel Macronen politika liberalek eragindako haustura sozialak ekarri duela.

ELB laborarien sindikatuak, bestetik, mobilizazioak babestearekin batera Fronte Popular Berriaren (NFP) alde bozkatzeko eskatu du, horren ondoren plazaraturiko deian.

Ekimen horien eragina neurtzea zaila den arren, sektoreka, ahots anitz altxatu dira. Hala, hezkuntza eta osasungintzatik ere, zerbitzu publikoen defentsa aldarrikatuz, RN geldiarazteko deiak heldu dira.

Kulturgile eta intelektualen eremuan gauzak ez dira hain argi azaldu. Antisemitatzat joz NFP ezkertiar aliantzaren aurka eginiko kanpaina bortitzak bere arrastoa utzi duela pentsa daiteke.

NFP aliantzako Frantzia Intsumisoko (LFI) ordezkari bakar bat ere ez dute inoiz kondenatu frantziar Estatuan delitua den antisemitismoaren aldeko adierazpenak egiteagatik, baina ezkerraren ibilbidea zipriztintzera jo du Vincent Bollere enpresari aberatsak gidatzen duen inperio mediatikoak.

Aitzitik, telebista eta irrati emankizun arrakastatsuenetan iritzi antisemitak eta arrazistak jaurtitzeagatik 40tik gora kondena judizial jaso dituen ultraeskuina boterera eramateko lehiatuko diren hautagaiei ez diete horren gainean konturik eskatu.

ETXEAN HOBETO, PARISEN BAINO

Parisetik Pariserako antolaturiko kanpaina espres horretatik zenbat eta gehiago urrundu, orduan eta mezu pluralagoak entzuten dira Hexagonoan dauden 577 hautesbarrutietan erabakiko diren boz horiei buruz.

Ipar Euskal Herriko herritarren bozak Pirinio Atlantikoetako Departamenduko hiru hautesbarrutietan -laugarren, bosgarren eta seigarrenean- jasoko dira igandean (ekainak 30) eta uztailaren 7an, iraganen diren frantziar Legebiltzarrerako bozetan. Eremu horietako berezko gakoak, kostata, baina azaldu dira kanpainan.

Egia da Emmanuel Macronek agindu duen hauteskunde prozesura azkar eta bizi egokitzeko zailtasunak izan direla, baina tantaka, handik eta hemendik, gizarte zibilaren posizionamenduak heldu dira.

Eskuin muturrak olatua altxatu zuen Euskal Herrian ekainaren 9an. Horrek, nahitaez, kontzientzia berpizte azkarra eragin du. Horren lekuko, euskararen garapenari dagokionez frantziar Gobernuak duen koloreak eragin nabarmena duela iradokiz, eskuin muturraren kontra mobilizatzeko deia zabaldu zuten berehala Euskal Konfederazioaren eskutik 22 eragilek.

Bestalde, kulturaren eremutik, frantziar administrazioaren homologazioa duten Scene Nationale eta Atabal kultur egiturek agiri bateratua plazaratu zuten hauteskundeetan parte hartzearen garrantzia azpimarratzeko. Hortik harago, eskuin muturraren egitasmoari aurre egiteko beharra nabarmendu zuten biek.

Belaunaldi berriek pairatzen dituzten prekaritate mota ezberdinak aletuz, arazo horien guztien aurrean RN ez dela alternatiba argi adierazi zuen Xuti Gaztek, bide batez erantzun antifaxista ematera deituz. NFPren aldeko botoa galdetu du gazte dinamikak.

Etorkinekin-Diakite federazioak, bertzetik, gogora ekarri du RNk Gerald Darmanin Barne ministroaren bultzadapean idatzitako asilo eta migrazioaren aurkako legeak babestu zituela.

«Eskuin muturra boterera iristeak egoera okertuko du», ohartarazi du kolektibo horrek, oroitaraziz RN bezalako alderdiek, boterean dauden tokietan, «emakumeen, atzerritarren, LGBTQ+ pertsonen, langile pobreen, langabetuen eskubideei erasotzen dietela. RNri erantzun kolektiboa emateko saiakeretan parte hartzeko prest azaldu da Etorkinekin-Diakite.

Finean, Ipar Euskal Herriko Mugimendu Feministak ere, eskuin muturrak defendatzen duen programa behatuta, nabarmendu du azken hamarkadetan, oztopoz oztopo, berdintasunaren bidean lorturiko aitzinamenduak kolokan egon daitezkeela, eta hori saihesteko NFPren alde bozkatzeko deia egin du.

Beste hainbat eragilek egin bezala, feministek ohar argia egin dute: «Eskuin muturra ez da Macronen politika suntsitzailearen alternatiba».