Alaia SIERRA
Kazetaria
JOPUNTUA

Ahatea laranjatan eta denboran atzera joatea

Ez dago TikTok baino gauza hoberik burua itzaltzeko. Nahikoa da irekitzea, eta, automatikoki, pantailak bideo laburrekin bonbardatuko zaitu: elkarren artean harremanik ez dutenak, edozein gairi buruzkoak eta edozein hizkuntzatan -euskaraz ez hainbeste-. Gainera, laburrak diren arren, gero eta luzeagoak dirudite eta, duela bi minutu entzun duzuna guztiz ahaztuta, begizta batean sartzen zara. Zoragarria da.

Trantze horretan murgilduta egonda ere, batzuetan kontzientziak zirrikitu batetik bere bidea egiten du. Halako batean nengoen, duela egun batzuk, errezeta bat partekatzen zuen neska batekin topo egin nuenean. Arretaz entzun nion, nire zaletasunetako bat inoiz egingo ez ditudan errezeten bideoak gordetzea baita. Ahatea laranjatan prestatzen zuen, pappardelle motako pastarekin.

Profilean sartuta, kuriosoa iruditu zitzaidan, prestatzen duen guztia Pablo delako batentzat egiten duelako; mutil-lagunarentzat, alegia. TikTok pare bat ikusita, ez da zaila konturatzea sukaldean egoteko dotoreegi jantzita grabatzen duela eta off-eko ahotsaren tonuak haur batena dirudiela. Begi hutsez bitxikeriak, baina geroago jakin dut gehiago dagoela horren atzetik.

Interneten jaiotzen den guztia bezala, trend hitza erabili gabe ezin da azaldu, sentitzen dut. Anglizismoetan sartuta gaudela, eduki horrek irudikatzen duena trad wife izeneko estetika edo mugimendua dela esango dut: “emazte tradizionala”. Hori erakusten dute: soineko eta takoiak jantzita, seme-alabentzat eta -emakumeak protagonismo guztia har ez dezan- noizean behin kameraren aurrean agertzen den senarrarentzat zerotik sukaldatzea.

Erregina Nara Smith da, eta parodiarako aukera eman du, baina 17 urte baino gutxiagoko umeak TikToken erabiltzaileen %20 inguru dira, eta gehiengoak 18 eta 24 urte artean ditu, estatistikaren arabera. Belaunaldi berriak horretaz elikatzen ari dira, bideo batean, beste batean, beste batean...