GARA Euskal Herriko egunkaria

Gipuzkoako Bertsolari Txapelketak Urretxun izango du hasiera irailaren 14an

74 bertsolari, 16 saio eta 8 finalista. Zenbaki horiek buruan abiatuko da irailaren 14an Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa, Urretxun. Lasarte-Oria, Lazkao, Elgoibar, Hondarribia, Azpeitia, Eibar, Azkoitia edota Irun zeharkatuta, Donostiako Ilunben jokatuko da final handia, abenduaren 14an. Sarrerak jada salgai daude ohiko bideetan.

Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko Asier Azpiroz eta Goizane Alvarez, Kultura diputatua. (Gorka RUBIO | FOKU)

Aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketaren aurkezpena egiteko, Gipuzkoako Bertsozale Elkarteko lehendakari Asier Azpiroz eta Gipuzkoako Foru Aldundiko Kultura diputatu Goizane Alvarez elkartu ziren Gipuzkoako Foru Aldundiaren egoitzan.

Txapelketak Urretxun izango du hasiera irailaren 14an eta Donostiako Ilunben amaituko da abenduaren 14an. Aurtengo bertso txapelketa berezia izango da. Izan ere, txapelketa honek izaten duen ohiko lau urteko zikloari beste urtebeteko itxaronaldia gehitu behar izan zaio 2019ko Covid 19aren pandemiaren ondorioz. «Pandemiak Gipuzkoako bertsolaritzan ere ondorioak ekarri ditu. 2020ko martxotik bertso saio kopurua ikaragarri jaitsi zen. Egoera horri buelta emateko dihardu lanean Bertsozale Elkarteak», aipatu zuten.

Aurtengo txapelketak beste berezitasun bat ere izango du, 50 urte bete baititu aurten haurren lehen bertso eskolak. Ospakizun horregatik, udaberrian jokatu zen Gipuzkoa Bertsotan sailkapen fasea.

TXAPELKETAREN HELBURUAK

Aipatutako testuinguru horretatik abiatuta jokatuko dute aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketa eta honako helburu zehatz hauek izango dituela aipatu zuten: «Egungo bertsolaritzak plazan duen aniztasuna islatzea, bertso eskolekin landutako harremana hobetzea eta sakontzea, eta azkenik, bertsolaritza Gipuzkoako euskal kulturaren parte denez, ekosistema hori elikatzen saiatzea».

Kartelak Unai Gaztelumendi bertsolari eta marrazkilariak eginikoak dira. Lehenengo irudiak udaberriko fasea irudikatzen du; Uztapide bertsolari ezagunak eta Leintz bailarako lehen bertso eskolako bertsolariek batera egindako argazkian dago oinarrituta. Gorriz daude haiek islatuta.

Udazkeneko fasekoak, bestalde, urdinez, beste hamaika aurpegi ezezagun irudikatzen ditu. «Irudia 50. urteurrenarekin lotu nahi izan dugu. Horretarako, irudietako bi koloreak, gorria eta urdina, bertsolaritzaren transmisioa, belaunaldikotasuna eta jendearekin daukan konexioa irudikatu nahian erabili ditugu», esan zuen Asier Azpirozek.

TXAPELKETAREN EGITURA

Hirurogeita hamalau bertsolarik parte hartu dute aurre-sailkapenean. Bi bueltatan jokatu da sailkapena. «Hogei saio izan dira Gipuzkoako herri txiki askotan, udaberrian zehar; 74 bertsolari horietatik 34k lortu dute udazkeneko txapelketara sailkatzeko txartela, eta horiei, orain, duela bost urteko txapelketan zuzenean sailkatutako 14 bertsolariak gehituko zaizkie -batzuk, finalistak; besteak, finalerdian kantatu zutenak-», azaldu zuen Azpirozek. Guztira, 48 bertsolari izango dira aurtengo Gipuzkoako Bertsolari Txapelketan, eta horietatik zortzik lortuko dute finalera iristea.

LEHIAKETAREN EGITARAUA

Irailaren 14an emango zaio hasiera txapelketari eta abenduaren 14an Donostiako Ilunben amaituko da -han egingo da finala-. Hiru hilabeteko epe horretan, 16 saio jokatuko dira, guztira: zazpi final zortziren, bost final laurden, hiru finalaurreko eta, azkenik, finala.

Gainera, Azpirozek aipatu zuen, txapelketaz gain, udaberria ere bertsoz josita izan dutela. «Alde batetik, Gelatik Plazara ekimena aurrera eraman dugu, non bertsolaritza eskoletako gaztetxoek, 15 urtetik beherakoek, parte hartu duten. Bestetik, eskola arteko txapelketa ere izan da, eta bertan 15 eta 18 urte bitarteko gazteek bat-bateko bertso saioetan aritzeko aukera izan dute».