JUN. 29 2024 KOLABORAZIOA Iragazkirik gabeko gizona Aster NAVAS Ez, ez da bata bestearen sinonimoa. Ulertu eta konprenitu, esan nahi dut. Askotan gertatzen zaigu zerbait ulertzen dugula, baina ez dugula konprenitzen. Konprenitzeak badu −niretzat, behintzat− ulertzeari falta zaion barneratze, enpatia, konbentzimendu puntu hori. Ustekabeek, norbanako deskubrimenduek daukaten zera hori. Wikileaks-ena edota Botere Judizialaren Kontseilu Nagusiaren antzezlana ulertzen ditugu. Berriz, konprenitzen duzu bizitzako beste urrats batean gaudela, bigarren seme-alaba bat nahi zenuela. Joan den astean, esate baterako, konprenitu nituen gauza batzuk. Konprenitu nuen euria egiten duela Balbinori esker edo Balbinoren erruagatik; Balbinok larunbatero kotxea garbitzen duelako. Ez, noski, ez daukat ebidentzia zientifiko eztabaidaezin horren frogarik, baina jakin badakit asteren batean Balbinok, lehenengo solairuko jubilatuak, errutina hori beteko ez balu antizikloi indartsu eta iraunkor bat jarriko litzatekeela Euskal Herriaren gainean. Konprenitu nuen, era berean, Antonio Lopez gustatzen zaidala. Bai, noski, baita Antonio Lopezek egiten duena ere; bere obra, bere pintatzeko modua. “Konketa eta ispilua” margolanean agerian dagoen hiperrealismo hori: argazkigintza oraindik asmatu gabe balego bezala. Baina bera, batez ere: bere izaera, mundua begiratzeko bere modu gogoetatsu, burutsu, zuhur hori. Bere langile itxura... Bere izen-abizenen −Antonio Lopez Garcia− apaltasuna, normaltasuna; bere arropen umiltasuna. Bere iragazkirik gabeko lana eta nortasuna. Saiatu naiz ulertzen, konprenitzen, zergatik Antoniok sentitzen duen ikusten duena fideltasun horrekin, birtuosismo horrekin erreproduzitzeko beharra. Zertarako pasatu orduak oihalaren aurrean, klik bakar batez eta irudia editatuta emaitza bera edo hobea lor badezakezu? Ikuslearen pertzepzioa desafiatzen du, teknikak sortzen duen ilusio optikoak engaina dezakeelako. Obra hiperrealista bat behatzean, ikusleek nahasmen edo harridura sentsazioa izaten dute, ez baitakite ikusten ari direna benetakoa den ala ez. Errealitateak, bere koadroetan, intentsitate mingarria du, inolako makillajerik gabe. Errealitatea baino errealagoa da. Aste honetan ere jakin dut 95 milioi argazki igotzen ditugula egunean instagramera. Gutxi iruditzen zaizkit. Eta %93an edizio-iragazkiren bat erabiltzen dugula: Ludwig, Blue Valley, Aesthetic, Dazzling... Errealitatea txukuntzeko, apaintzeko premia dugula konprenitu dut. Marisari esker iluntzen duela ere aspaldi konprenitu nuen; Marisak sukaldeko argia pizten duelako. Etxeko patioan pizten den lehen argia berarena da, eta horri gainerako bizilagunenak gehitzen zaizkio, egunak, astearteak, ostegunak amore eman eta atzera egiten duten arte; gauari lekukoa ematen dioten arte. Jakina, ez daukat ebidentzia zientifiko eztabaidaezin horren frogarik, baina jakin badakit egunen batean Marisak errutina hori beteko ez balu, eguna, mugarik gabe, luzatuko litzatekeela. Ez, ez daukate esanahi berbera. Arkimedesen printzipioa edota Eurokopako sailkapena ulertzen dituzu. Berriz, konprenitzen duzu jadanik berandu dela, bizitza serio zihoala. Zerbaitek adierazten dizu hori −eta ez beste bat− dela unea, tipo hori −ez duzu ulertzen zergatik− maite duzula, emakume horrek maite zaituela; konprenitzen dugu lortu dugula, kakaztu egin dugula. Balbinori eta Marisari zor dieguna. En fin. Zertarako pasatu orduak oihalaren aurrean, klik bakar batez eta irudia editatuta emaitza bera edo hobea lor badezakezu?