JUN. 30 2024 AEBetako egunkari nagusiak ere Bideni lasterketa uztea eskatu dio Debateko irudi tristea eta emaitza kaskarra ikusita, eta Trumpen mehatxuari aurre egiteko sasoiko dagoen hautagai bat ezinbestekoa dela iritzita, "The New York Times" egunkariko Kontseilu Editorialak Joe Bideni eskatu dio lasterketa presidentziala bertan behera uztea. ”The New York Times”-eko editorialaren irudia. (Chris DELMAS | AFP) GARA WASHINGTON Donald Trumpekin Atlantan izan zuen eztabaidan, Joe Bidenek munduari erakutsitako irudi kezkagarriak, ahultasun fisiko eta kognitiboak, begirada galdu eta geldotasun ezkutatu ezinak, jokaera herrariak eta eman zuen penak alarma guztiak piztu dituzte. Eta ageriko sekretua zena aldarri bilakatu da: modu koherentean eztabaidatzeko gai ez den, bere planen inguruko bisio koherente bat zabaldu ezin duen eta, askotan, esaldiak bukatzeko komeriak dituen hautagai batekin ez dago aurrera egiterik. Orain delako -hori zuzentzeko- neurriak hartzeko momentua. Ez da goiz, ez dadila beranduegi izan. Hori da bolo-bolo dabilen ideia. «ZERBITZU PUBLIKO HANDIENA» Baina "The New York Times"-ek, AEBetako egunkari boteretsuenak eta demokraten defendatzaile porrokatuenak, ideia editorialera eraman eta «bere herrialdea zerbitzatzeko» Bidenek «[presidentetzarako] lasterketa utzi beharko luke» aipatzen duenean, horrek esan nahi du kezkek eta ezinegonek marka guztiak gainditu dituztela. Ez delako zutabegile baten edo bestearen iritzi soila -eta milaka dira gauza bera diotenak-, eragin eta lobby politikoen botere gune gorenaren iritzi instituzionala delako. Broma gutxi. Munduari buelta eman dion editorialean irakur daitekeenez, Biden «presidente miresgarria izan da. Haren lidergoaren pean, nazioak aurrera egin du eta epe luzeko hainbat desafiori aurre egin dio, Trumpek irekitako zauriak sendatzen hasi dira. Baina momentu honetan Joe Bidenek egin dezakeen zerbitzu publiko handiena presidente kargurako bere burua hautagai gisa ez duela proposatuko iragartzea da». Ordu batzuk lehenago, herrialdeko beste egunkari nagusiak, “The Washington Post”-ek, Joe Bideni gomendio hau luzatu zion: «Har ezazu aste bukaera zure etorkizunaz hausnartzeko». Ez zion esplizituki lasterketa uzteko esan, baina esan gabe nahiko esplizitua zen igorri zion mezua. Trumpekin izan zuen eztabaida «kalamidade» bezala definitu ondoren, Biden «barnera begirako hausnarketara» kondenatua dagoela uste du, herrialde osoan galdera edo kezka «legitimo» bat zabaldu duelako, gorputzez eta buruz beste lau urtez karguari eusteko gai ote den.