Gregorio SAMSA
EUSKAL HERRIA ZUZENEAN

Euriak ere zapuzterik izan ez duen jaialdia

Bigarren egunez gazte mordoa bildu zen atzo Arberatze (Nafarroa Beherea) herriko lau agertokietan. Giro freskoa eta euria izan ziren nagusi lehen orduetatik, aterune aunitz ere egon ziren arren. Batez ere, jaialdiak gazte jendea erakartzen duenez, etorkizunari begira itxaropentsu egoteko moduan gaude euskaltzale zein musikazaleok.

Gazteek animazio berezia jarri zuten egun osoan zehar, baita euria gogotik egin eta dena lokaztu zenean ere. Dantzarako gogoa zegoen. Eskuinean, Anariren kontzertua.
Gazteek animazio berezia jarri zuten egun osoan zehar, baita euria gogotik egin eta dena lokaztu zenean ere. Dantzarako gogoa zegoen. Eskuinean, Anariren kontzertua. (Guillaume FAUVEAU)

Ekitaldiak goizean goiz hasi ziren, eta guneetan ekintza kultural mordoa egon zen: eztabaida gunea, “Bidasoa 2018-2023” dokumentalaren proiekzioa, bertso musikatuak eta abar. Kontzertuen bi gune nagusietan (“Arberatze” eta “Zilhekoa”) arratsaldeko bostetan hasi ziren martxan. Jaialdira bidean Liberen atmosferak eta kanta sarkorrek lagundu ziguten: Pasadena taldearen ibilaldia amaituta, gasteiztarra bueltan da disko berri batekin, eta, bere kanten estiloa kontuan hartuta, aretoetan hobeto dastatu daitezkeen arren, aukera polita izan zen berarentzat jaialdi honetan jotzea.

Anarik ordu berean hasia zuen bere emanaldia pilotaleku irekiko oholtzan. Oso zaila egiten zen bera eta bere musikariak ikustea, jende andana bildu baitzen plaza osoa leporaino betez. Urrunetik ikus genitzakeen Xabier Etxeberri eta Ander, baita Anariren betiko musikariak ere. Anari bera ere ikusi genuen, eta kontzentrazio maila gorenean mantendu zuen, jendearekiko komunikazioan etengabe.

Karma taldeak 17.45ak aldera ekin zion emanaldiari. Hirukote formatua ezin hobeto baliatzen dute rock gogorrari gupidarik gabe ekiteko. Iaz atera zuten bost kantako E.P.a, eta gogortasunaz gain atmosfera flotatzaileek ere lekua dute errepertorioan; “Sotina” zoragarria da horren adibide garbia.

Diskoko bost kantak jotzeaz gain, berriak ere eskaini zizkiguten. Laster beste disko bat egingo dutela espero dugu. Stoner musikan murgiltzen direnean ere, adibidez “Zilborraren ingurua” izenekoan, emaitza oso erakargarria lortzen dute. Antton Araspin gitarra jotzaile eta abeslaria oholtzaren jaun eta jabe da, baina hiru ahotsetan egindako koruekin ere magia sortzen dute. Ondo bidean, laster Hego Euskal Herrian izan behar genituzke; Hatortxu Rocken, adibidez.

ARROPA BLAI, OINETAKOAK LOKAZTUTA

Iaz ikusi genuen lehen aldiz Peio Erramuzpe, hau da, Haira, oholtza gainean. Ziburuko Euskal Liburu eta Disko Azokan izan zen. Atzoko hitzordura, ordea, banda osoarekin etorri zen. Ikusleen maitasuna jaso zuen “Goizeko ihintza” kantarekin hasi zen momentutik. Diskoko kanta ia denak jo zituen, eta zuzenean ematen dien dimentsioa aberasgarria da oso. Elektronika munduan murgilduta jarraitzen duen arren, kontzertu formatua dugu hau dudarik gabe.

Euriak eta eguraldi traketsak ez zuten jaialdia zapuztu, baina jende andanarik ere ez genuen nabaritu RTZ Kolektiboa hasi zen arte bederen. Gazte jendeak hip-hopa maite du, eta arratsaldeko emanaldirik jendetsuena izan zen (lerro hauek idazterainoko tartean, behintzat). Lokatzetan zikindutako zapatak denak, arropa bustiak barra-barra eta labainaldi batzuk han-hemenka, baina arrakastatsua izan zen emanaldia zentzu guztietan. Abeslaria ere mugitu zen publiko artean, kantatzeari utzi gabe, eta harrera beroa jaso zuen gazteen eskutik.

LYSISTRATA ETA HARAT-EN INDARRA

Frantziar Estatuan duten arrakasta merezita duen edo ez jakiteko, Saintes herriko Lysistrata hirukotea ikustera gerturatu ginen. Post rocka modu oso intentsu eta teknikoan lantzen dute, eta erritmo batzuen konplexutasunak math rock estilora ere hurbiltzen ditu. Jendetza bildu zen euriz eta lokatzez bustitako zelaian. Ingelesez kantatzen dute, baina gazteek hitzak ondo ulertu eta kantatu ere egin zituzten. Sortu zuten atmosfera kontuan hartuta, Azkena Rock Jaialdirako hautagai bikainak izango lirateke.

Musika nota zenbait era konstantean eta tentsio bereziarekin mantentzeko moduagatik bakarrik merezi izan zuen bertaratzea. Indar oso berezia transmititzen dute.

Harat taldeak ere aukera polita izan zuen atzo. Taldearen tentsio berezi horrek areto baten akustika merezi duen arren, ondo asko aprobetxatu zuten EHZren plaza irekia. Ibai Gogortzak zuzentzen duen taldea ez da helburu komertzialei begira sekula egongo; horregatik da hain berezia proiektua.

Kronika hau idazten ari ginen bitartean jo zuten. Ondoren, ekitaldia egon zen, baita suziriak ere. Eta Gorka Urbizu jada hasia zen emanaldiarekin -eguneko arrakastatsuena izango zela aurreikus zitekeen-. Baina hortik aurrerakoak naiz.eus-en dituzue.