Eli PAGOLA
DONOSTIA
Interview
Ibon Ollo
Aristu upategiko mahastizaina

«Jasangarritasuna lehenesten dut ekoizpenaren aurrean»

Juanra Ollo eta Agurtzane Jimenezekin batera, Irunberriko (Nafarroa) Aristu upategiko mahastizaina da, eta negozioaren arduraduna. 1995ean sortu zuten upategia, eta gaur egun Nafarroako ardogintza ekologikoaren aitzindarietako bat da.

(BIBA ARDOAK)

 

Erresilientziaren ikuspegitik onuragarriak izan daitezkeen praktikak destatu eta testatuz, esperientziak biltzen ari dira ardogintzaren sektoreko hainbat ekoizle, jakitun sektore hori ere egokitu beharko zaiela klima larrialdiak eragiten dituen erronkei. Horretan dabiltza Irunberriko Aristu upategian, eta bertako ekoizleetako bat, Ibon Ollo, NAIZ Irratiaren “Gelditu Makinak” saioan izan da zer egiten duten kontatzen.

Azken urteetan lehorteak, garaiz kanpoko izozteak eta bestelakoak sufritu dituzte laboreek. Zuen mahastiei eragin diete?

Urte batzuk dira klima aldaketari aurrea hartzen hasi ginenetik. Hemen tenperaturak eta hezetasuna asko aldatzen dira; horregatik, eskarmentu pixka bat badugu. Klima aldatzen ari da, mahastiak egokitu behar dira, eta horretan ari gara pixkanaka. Baina duela lau urte, maiatzaren hasieran, izotzak dena pikutara bidali zuen.

Lehen, mahastietan mahatsa besterik ez zen ikusten, eta orain, leku batzuetan, loreak edo belarrak ikus daitezke. Horrek badu zerikusirik erresilientziarekin?

Nik 20 urterekin hartu nuen upategia, eta nire gurasoak lehenengoetarikoak izan ziren ekoizpen ekologikoan jarduten. Beraiek garbi-garbi izaten zituzten mahastiak, eta ni sartu nintzenean, probak egiten hasi nintzen. Esaten nion aitari: «Aurten, mahasti honetan estalki begetal bat utziko dugu, ikusteko zer gertatzen den». Ikusi genuen uda beroetan lurzoruaren tenperatura hobeto mantentzen zuela, tenperatura aldaketa bortitzetan laguntzen zuela eta, orain, mahasti guztiak belarrezko estalki naturalarekin ditugu. Urte batzuetan belar aromatikoak jarri genituen, bizitza egoteko bertan, intsektuak izan zitezen, ekosistema txiki bat eraikiz.

Zuen etxaldean, belar estalkiari bakarrik ez, ardiei ere lekua egin diezue, ezta?

Badira Irunberrin artzain batzuk, eta ardiak bertako zelaietan dabiltzanean, deitzen didate galdetzeko ia nahi dudan ardiak nire mahastietan ibiltzea. Sasi-garbitzen aritzen dira eta ongarri naturala botatzen dute kakaren bitartez.

Ongarria behar du?

Mahastizain bakoitzaren arabera. Nik jasangarritasuna lehenesten dut ekoizpenaren aurrean. Bilatzen dut kantitatea hain handia ez izatea, eta, kalitatea, aldiz, igotzea. Hiru urtean behin, beharren arabera, ongarritzen dut nik.

Badirudi ardogintzan hazten ari dela kontzientzia ekologikoa, baina horrela da egiaz?

Nafarroan, baita Euskal Herri mailan ere, ardo ekologikoaren kontzientzia ez ezik, ardo naturalaren kontzientzia ere hazten ari da. Ardo naturala, nolabait esanda, osoki ekologikoa da. Ni duela zortzi urte hasi nintzen lehenengo ardo naturalarekin, funtsean, ardoa bere horretan utzita: ezer kendu gabe eta ezer bota gabe; soilik mahatsa iragazi gabe, dena eskuz eginda. Ez da ezer berria, gure arbasoek horrela egiten zuten; beraz, posible da. Eta esango nuke jendeak mundu horiek irekitzen dituen neurrian, bere kontzientzia ere irekitzen dela.

Ekologikoan aritzeak lan handiagoa ekartzen du?

Pixka bat poetikoa ematen du, baina mahastiarekin konexio handiagoa behar dugula uste dut. Behar dugu bueltatu naturarekin konexioa izatera eta jakitera zer nahi duen mahastiak. Ez da lan handiagoa, kontzientzia handiagoa baizik. Egia da ekoizpena ez dela labore tradizionaletakoa bezain handia, baina asko egiteagatik ez gara hobeto biziko.

Mahats barietate asko dago. Euskal Herrian baliatzen direnak bertara ondoen egokitutakoak dira? Ala aniztasuna bilatu beharko litzateke?

Duela bi urte Nafarroako lehenengo barietatea atera zuten, Oneca izenekoa. Garnatxaren antzekoa da, baina ongi egokitzen da inguru guztietara. Uste dut hori izango dela etorkizuna, horrelako barietate bat. Nik jada landatu dut, eta beste bat jarriko dut datorren urtean.

Etorkizunean mahastiak ahalik eta ondoen egon daitezen, Neikerrek ikerketa egin du eta, besteak beste, ureztapena zatikatzea proposatu du.

Hemen, Irunberrin, ez dago ureztatzeko beharrik, ezpada landatu eta lehenengo bi urteetan uda oso beroak egiten dituela. Urtean 700-800 litro metroko botatzen ditu hemen, eta horrekin nahikoa dugu. Mahastiak lehorreko landareak dira, baina gutxinaka aldatu egingo dira mahastien lekuak. Orain, Irunberri bada azken herria, gero Nabaskoze aldera joango da. Kokalekua aldatuko da, ez baita jasangarria mahastiak ureztatzea.