Andoni ARABAOLAZA
AZTERKETA

Mendiko kirolariak eta ingurumena, bereizi ezin den binomioa

Jean Corneloup ikertzaileak, Mendiko eta Alpinismoko Praktiken Behatokian (OPMA) kaleratu duen azken idatzian, Benjamin Vedrines eta Baptiste Obino alpinisten filosofia eta jarrera antagonikoak aztertu ditu.

Jean Corneloup-ek eredu hiperalpinistarekin lotzen du Benjamin Vedrines.
Jean Corneloup-ek eredu hiperalpinistarekin lotzen du Benjamin Vedrines. (Benjamin VÉDRINES)

Badirudi klima larrialdia nolabait astintzen ari dela mendiko kirolarien kontzientziak. Dagoeneko, batzuek militantziaren aldeko apustua egin dute, eta haien aktibitateetan saiatzen dira ingurumenari ahalik eta eragin txikiena egiten.

Nahiz eta aipatu dugun jarrera hori gaur egungo kontua den, gogoratu behar dugu mendiko kirolariek naturan duten eragina aspalditik aztertzen dela. Horren isla da Estatu frantsesean egoitza duen Mendiko eta Alpinismoko Praktiken Behatokiaren (OPMA) lana. Estatu horretako bi mendizale federazio nagusiek (FFME eta FFCAM) bultzatu dute ekimen hori. Hogeita sei urte dira OPMA sortu zenetik, eta aipatu dugun lan ildo horretan, hiru zutabe jasotzen dira: segurtasuna, ardura eta ingurumena.

Erakunde horrek, aldian-aldian, “OPMAren Gutuna” argitaratzen du. Eta egileek mendiko praktiken eboluzioaren eta horiek duten inpaktuaren inguruan hausnartzen dute. Azken idatzia Jean Corneloup-ena da. Ikertzailea izateaz gain, soziologiako irakaslea eta Nature&Récréation aldizkariaren zuzendaria ere bada. Duela urtebete, gainera, gai horren inguruan liburu bat idatzi zuen: “La montagne récréative”.

Artikulu horretan, Corneloup-ek mendiko kirolariek ingurumenari buruz duten pertzepzioa aztertzen du. Eta horretarako, GARAren orrialdeotan behin baino gehiagotan azaldu diren bi alpinista frantziar aipatzen ditu: Benjamin Vedrines eta Baptiste Obino. Idazlearentzat biak antagonikoak dira. Lehenbizikoari, “hiperalpinista” etiketa jarri dio; bigarrenari, berriz, “ekoalpinista”. Vedrines une honetan K2 edo Chogori mendian dago, eta ez du idatzi horri buruz iritzirik eman. Obinok, aldiz, bai, eta honako hau azpimarratu du: «Interesgarria da artikulua, baina ereduen inguruan ez nago erabat ados. Artikuluak dioena baino kointzidentzia gehiago ditut Benjaminekin. Izan ere, “hiperalpinismo” kontzeptu horretan bide berriak, bakarkako eskaladak, neguko igoerak… jasotzen dira. Nik, bederen, mendian egiten dudana aldaketa sozialarekin lotu nahi dut. Modu batera edo bestera esanda, kapitalismoaren ereduaren eta balio handiegia ematen zaion eskalada kulturaren aurka borrokatzen naiz. Elkarren arteko laguntza, transmisioa eta kolektiboa defenditzen ditut. Ez dut Benjaminekin talka egiten; munduaren egoeraren inguruan hausnarketa sakona besterik ez dut egiten».

Hori da Obinoren iritzi laburra. Orain, Corneloup-en idatziaren ildo garrantzitsuenak aipatuko ditugu irakurleak bere hausnarketa egin dezan.

KIROL PRAKTIKAK

«Inoiz ez bezala, egun, natura babesteko eta zaintzeko aldarriak gero eta ozenagoak dira. Eta batez ere, fokua jarri da mendiko praktikek ingurumenean ahalik eta inpaktu txikiena izan dezaten. Mugikortasuna, tresneria, jantziak, animaliak… dira arreta jasotzen ari diren arloak. Alpinistari eskatzen zaio ikuspuntua alda dezala, batez ere, bere jarduerak arduratsuak izan daitezen. Ez dago zalantzarik kontzientzia hartzen ari den mugimendu bat jaio dela».

«Ikuspegi baikor batetik aztertzen badugu, mendiko kirol praktikak aldatzen ari dira. Beste era batera esanda, jarduera horien trantsizioan, mendizalea abangoardian egongo litzateke. Baina formulatuko dudan hipotesiak ikuspegi idealizatu horrekin talka egiten du. Egungo praktikatzaile ia gehienek mendiko kultura moderno eta hipermoderno batekin lotura dute. Eta hor kokatzen ditut indar handia duten eragileak ere: federazioak, tokiko agintariak, bidaia agentziak, mendi gidarien bulegoak… Horiek guztiek marka arduratsu batzuk hartzen dituzte, baina, momentuz, ez dute aldatu antolakuntzaren funtzionamendua».

«Horregatik guztiagatik uste dut gaur egungo mendizaletasuna oso kontserbadorea dela; izan ere, ez dituzte zalantzan jarri nahi mendiarekin duten harremanaren ikuspegia eta profesionalen eta beste kirolarien praktikak. Muturreko haustura ez bada egiten, etorkizunean berdin jarraituko dugu».

«Modernitatean eta hipermodernitatean oinarritutako egungo kultura nagusitik aldendu behar gara. Jarraitzen badugu mendia balentriekin, lehiarekin, errendimenduarekin, lasterketekin, erronkekin… lotzen ez da ezer aldatuko».

«Gaur egungo joera nagusia gero eta lotuago dago hiperalpinismoarekin; hain zuzen ere, kirolari abangoardistek bultzatzen dutenarekin. Benjamin Vedrines eta bere akolitoak dira kultura eta kudeaketa sistema horren ordezkariak. Horiek guztiek oraingo mendizaletasuna irauli dute. Gainera, maila guztietan: arintasuna, kreatibitatea, entrenamendua, komunikazio digitala, psikologia emozionala… Ikuspegi hipermoderno hori oso lotuta dago egun sortzen ari den indibidualismoarekin».

«Baina badago beste alde bat. Kirolari enblematikoak dira horiek ere, baina gaur egungo kultura nagusia eraitsi nahi dute, kultura ekomodernoarekin ardura hartzeko. Harreman ezberdina da. Baptiste Obino horietako ordezkari bat dugu. Ekomendizale konprometitua, ingurumena eta natura kirol bitarteko bat bezala bakarrik ikusten ez dituena. Eta, gainera, muturreko trantsizio baten alde borrokatzen du».

«Mendizaletasuna soilik kirol praktika bezala ikusten badugu, ez gabiltza bide onean. Mendizaletasuna ez dago gizartetik, gai politikotik, sozialetik eta ekonomikotik kanpo. Ez gara gizartetik aldentzen mendian kirola egiteagatik. Justu, aurkako da. Edozein mendi-praktika politikoa da, eta munduaren ikuspegi espezifikoa islatzen du».

«Vedrinesen eta Obinoren adierazpenak ez dira bateragarriak. Vedrinesek ez du jarrera trantsizionala ordezkatzen; hiperalpinismoarekiko konpromisoa da axola zaion bakarra. Ordezkari politiko garrantzitsua da. Obinok, aldiz, gakoak diren printzipio batzuk indarrean jartzen ditu. Eta horiek mendizaletasunaren eta gizartearen praktika eraldatzaileekin lotura zuzena dute».

«Obinok jarrera politiko oso zehatza du. Kapitalismoa alboratu eta anarkismo kooperatibo baten alde egiten du. Mendian ere aktibismoaren aldeko jarrera du, eta hipermendizaletasuna eta muturreko kirola zalantzan jartzen ditu. Bide batez, bizimodu alternatiboa eta estilo ekomodernoa ditu».

«Baina hori guztia esan eta gero, ezin dugu muturreko aldaketa bat irudikatu behaketa politiko zein zientifiko bat kontuan hartu gabe: ingurumena ez da abstraktua, objektiboa edo neutrala. Kontzeptu hori ez da existitzen. Adibide soil bat: mendizaletasun modernoa eta hipermodernoa hiriko jendearentzat eta gizartearen elitearentzat diseinatu izan dira».

«Posible da beste kosmogonia bat. Horretarako, “mendi urbanoa” eta “mendiko mendia” kontzeptuen artean loturak sortu behar dira. Finean, bestelako mendi-kultura batzuk bultzatu behar dira. Arestian aipatu dugun trantsizio horren alde egin behar da. Adibidez, abenturazale batzuen artean bada jarrera zehatz bat. Abentura-esplotazioren aurka eta ekoabenturaren alde daude. Azken horiek giza- eta elkartasun aktibismorekin bat egiten dute; baita jarrera humanitario eta zientifikoekin ere».