GARA Euskal Herriko egunkaria

Teknika vs esperientzia


Zer da surflari on bat izatea? Batez ere, itsasoa ongi ezagutzea. Inoiz amaitzen ez den ikasgaia da itsasoa, etengabe aldatzen baita, baina horregatik da liluragarria. Ustez kontrolpean zenuen egoera hankaz gora joan daiteke segundo batean, horixe baita naturaren kaosak ematen digun lehen ikasgaia, kontrolagaitza dela. Horregatik surflari bat ona den jakiteko, urautsirako bidea nola egiten duen ikustea gustatzen zait, itsasoaren irakurketa egiteko gaitasuna barruratzean azaleratzen baita ongien.

Teknikak arraun egiten eta ariketak hobeto egiten lagun dezake, baina batez ere indarrak alferrik ez xahutzeko balio du. Sasoi onean egotea ere lagungarri izan daiteke olatuei aurre egiteko, baina teknika ona eta sasoi ona ez dira nahikoa; esperientzia osagai garrantzitsuagoa da. Adibidez, aspaldi itsasoratu ez den 55 urteko surflari bat urautsira ilea busti gabe iristen dela ikus dezakegu, korronteak eta itsasoratzeko une egokia baliatzen dakielako. Olatu gainean ariketa ikusgarriak egiteko gai den 16 urteko surflari osasuntsu bat, aldiz, urautsira arnasestuka irits daiteke egun berean, oraindik itsasoa behar bezala irakurtzen ez dakielako.

Brasilen egin berri den munduko surf txapelketa nesken txandekin hasi zen. Antolatzaileen erabakiz, ez zen uretako motorik neskentzat; beraz, olatu bakoitzaren ostean arraunean egin behar zuten barruratzea lehiakideek. Interesgarria zen surflarien arteko desberdintasuna ikustea. Gehienak olatutik erori ostean zuzen-zuzenean barruratzen saiatzen ziren; gutxi batzuek, ordea, egoera aztertu eta barruratzea errazago egiteko bidea bilatzen zuten. Tatiana Weston-Webb brasildarrak, esaterako, bere aurkariek baino olatu gehiago hartzen zituen, barruratzea askoz errazago egiten baitzuen. Olatuak ez ziren handiak, baina Brasilen uhinen arteko distantzia oso laburra denez, askoz ere zailagoa bilakatzen da urautsira iristea.

Mutilen txandak hasi zirenean barruratzea nondik egiten zuten ikusteko irrikaz nengoen, baina antolatzaileek uretako motoen laguntza eskaini zieten, ziur aski badakitelako mutilok askoz ere ahulagoak garela . Ondorioz, mutilen artean bista hoberena zuen surflaria zein den jakin gabe geratu nintzen.

Urautsian beren seme-alabei bultzaka ikusten dituzuen guraso horiek, ikasleei olatura bultzatzen baino ez dakiten sasi-irakasleek edo olatu artifizialak sortzen dituzten igerilekuen defendatzaileek inoiz ulertuko ez duten zerbait da; surfa ez da futbola, tenisa, golfa, edo aurrez zedarritutako joko-zelai batean egiten den kirola. Surfean naturak agintzen du eta, gainera, olatuaren gainean pasatzen dugun denbora ez da %2ra iristen. Beraz, garrantzitsuena ez da olatua, olatua inguratzen duten eragile guztiak baizik, bere osotasunean, apar-gune, korronte eta olatu bilakatzeko zorian diren uhinekin.