Iraitz MATEO
IRUNGO ALARDEA

Pausoak eman dira, baina txikiegiak normalizaziorako

Lehen aldiz EAJko Gipuzkoako ahaldun nagusi batek, Eider Mendozak kasu honetan, Irungo Alarde parekidea agurtu zuen atzo udaletxeko balkoitik. Cristina Laborda alkateak (PSE) ere harrera egin zion, baina Udalak oraindik uko egiten dio horren antolaketa bere gain hartzeko eskariari, «bizikidetza zailduko» lukeela argudiatuz, gainera.

Alarde parekide eta publikoko kide hainbat pozarren, atzo Irungo kaleetan barna.
Alarde parekide eta publikoko kide hainbat pozarren, atzo Irungo kaleetan barna. (Iñigo URIZ | FOKU)

Pausoka egiten omen da bidea, baina pausoak motel antzean doaz Irunen; atzokoan ere, bi alarde izan baitziren: parekidea eta baztertzailea. Duela 28 urte berdintasunaren alde urratzen hasitako bideari jarraipena pozez eta indartsu eman zioten, ordea, goizean goizetik Irungo bizilagunek. Desfile parekidean 2.200 lagun inguruk hartu zuten parte.

Konpainia bakoitza goizean goiz abiatu zen eta Urdanibia plazan elkartu ziren giro onean eta aldarri nagusi batekin: “Alarde publiko eta feminista bakarraren alde!”.

Iaz albiste izan zen lehenengo aldiz Irungo alkate Jose Antonio Santanok (PSE) harrera egin ziela Alarde parekideko kideei udaletxera iritsitakoan. Aurten Cristina Laborda alkateak keinu bera izan du eta hori, beraz, ez da albiste izan; bai, ordea, lehenengo aldiz Irungo Udalak urtero Alarde parekideko kideek egiten duten eskariari erantzun izana. Alarde parekide eta publikoaren jaiaren antolaketa bere gain har dezala eskatzen diote urtero Udalari eta aurten lehen aldiz jaso dute erantzuna: ezezkoa. «Bizikidetza zaildu» egingo duela argudiatu zuen Laborda alkateak.

Goizeko hamaiketarako Alarde mistoko kide guztiak udaletxeko plazan zeuden, eta Maite Bergara jenerala sartu zen zaldi gainean eta txalo artean. «Emakumeak alardean» oihuen artean hartu zuten bertaratutakoek, eta berak ere aldarri bera egin zuen ozenki: «Gora alarde parekidea!». Elkarrekin Irun alderdiko Thania Pazosen eskutik jaso zuen bandera Bidasoa konpainiako kideak eta «Gora Irun! Gora San Martzial! Gora Alarde parekidea» aldarri egin ostean, festa giroan jarraitu zuten.

Udalbatza osoak egin zien harrera balkoitik. Labordak jaiak «bizikidetzan, errespetuz eta ilusioz» ospatzeko deia egin zuen; eta gehitu, Alardea bizitzeko «bi modu» daudela Irunen: «Bata gehiengoaren babesa duena, eta bestea gutxiengoarena, eta biak dira guztiz legalak».

Kargu publikoei dagokienez, duela hilabete batzuk jakinarazi zuen Eider Mendoza (EAJ) Gipuzkoako ahaldun nagusiak Alarde parekideari udaletxeko balkoitik oles egingo ziola, eta atzo hitza bete zuen. Lehen aldia da EAJko diputatu nagusi batek desfile parekideari harrera egiten diona.

URRATS BERRI ESKE

 

Miren Elgarresta Emakundeko zuzendaria ere harrera egiten izan zen. Gizartea «sentsibilizatuagoa» dagoela esan zuen, eta berdintasunaren alde esparru guztietan lan egin behar dela gaineratu: «Emakumeok eskubide osoa dugu jai giroan aktiboki parte hartzeko. Egia da tradizioak gizartea kohesionatzeko oso garrantzitsuak direla, baina eboluzionatu egiten dute, eta garai berrietara egokitu behar dira». Bestalde, Elgarrestak aipatu zuen iaz emandako aurrerapausoak «oso garrantzitsuak» izan zirela, baina pauso horiek «sendotu» beharra dagoela.

Maddalen Iriarte EH Bilduko batzarkideak eskubideak ezin direla «eztabaidan jarri» adierazi zuen, eta urrats berriak galdegin zituen: «Badago arrisku bat bi alarde egotearen naturalizazio batera joateko; izan ere, gaur ere bi alarde ikusiko ditugu: bat baztertzailea dena eta beste bat emakumeak berarekin nahi dituena; uste dut hori akats bat dela. Udalak ez du urrats bakar bat eman gauzak aldatzen hasteko eta Gipuzkoako Aldundiak hitzak bai, baina esplizituki urratsak egin behar ditu, eta bitartekaritza lanak egin Hondarribian bezala, egoera hau gainditu ahal izateko».

Podemos Euskadiko koordinatzaile Pilar Garridok ere instituzio publikoek eman beharreko pausoak izan zituen mintzagai: «Udalak egutegi baten aldeko konpromisoa har dezala aldarrikatzen dugu, guztiontzako berdintasunezko alarde publiko bat antola dadin».