GARA
BILBO

Donostian eta Bilbon pilatzen dira EAEko pisu turistikoen ia erdiak

EAEn 4.655 pisu turistiko daude izena emanda, gehienak Donostian, Bilbon eta kostaldeko herrietan. Europako araudi berriak datuak ematera behartuko ditu interneteko plataformak.

Turismoaren tratu txarren aurkako auzo elkarretaratzea Bilbon, duela urte bat.
Turismoaren tratu txarren aurkako auzo elkarretaratzea Bilbon, duela urte bat. (Marisol RAMIREZ | FOKU)

Lakuako Gobernuaren etxebizitza turistikoen erregistroan 4.655 alojamendu ageri dira orotara. Horietatik laurdena baino gehiago Donostian kokatzen dira, 1.262 (%27,1). Biztanle gehieneko hiriak jarraitzen dio, Bilbok, 991 pisurekin (%21,3). Bi hiriburuen artean kasik EAEko eskaintza osoaren erdira iristen dira (%48,4).

Gasteizen egoera oso bestelakoa da: 91 pisu turistiko soilik daude izena emanda (%2). Donostiarekin eta Bilborekin batera, eskaintza Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldean kontzentratzen da: Bermeon 249 etxe daude oporretarako alokairura bideratuta, Zarautzen 214 eta Getxon 169.

Nabarmentzekoa da erabilera hori ematen zaien pisuen pilaketa Hondarribian ere (168 etxe dira). Lekeition 88 etxebizitza turistiko zenbatzen dira Lakuako Gobernuaren erregistroan, Mundakan 87 dira, Bakion 76 eta Sopelan 72.

ARABA, FENOMENO HONETATIK KANPO

Aipatzekoa da, bere hiriburua bezala, Araba ere fenomeno honetatik at gelditzen dela. Ez da etxe turistikorik pilatzen ezta bisitari gehien dituzten herrietan ere; Arabako Errioxako Guardian, adibidez, mota honetako 19 pisu daude bakarrik izena emanda.

Donostian, Bilbon zein Gipuzkoa eta Bizkaiko kostaldeko herrietan kontzentratzen diren etxebizitza turistikoen kopuru handi horri «modu klandestinoan» baliatzen direnak gehitu behar zaizkio, hau da, online plataformetan erregistroan izena eman gabe eskaintzen direnak.

Pisu horien jabeek beren datuak administrazioei emateari uko egin izan diote orain arte, eta horrek legez kanpoko negozioak identifikatzea eta zigortzea zaildu izan du.

Egoera hori aldatu egingo da, ordea, dagoeneko onartu den Europako Batasuneko araudi berri bati esker, nahiz eta estatu kideek bi urteko epea izango duten araudia aplikatzeko. Hori gertatzen denean, plataformek eskaintzen dituzten establezimenduen datuak partekatu beharko dituzte administrazioekin, eta horrek aukera emango du legez kanpoko alojamenduak identifikatzeko eta baita horien jabeak zigortzeko ere.

Araba, Bizkai eta Gipuzkoan 2018tik derrigortasuna ezarria dago erabilera turistikorako eskaintzen diren etxebizitzak erregistroan sartzeko. Urte horretako Turismoaren Lege autonomikoak pisu horientzako hainbat segurtasun baldintza jasotzen ditu. Horrez gain, metro karratuen arabera zenbat plaza eskaintzen ahal diren arautzen du eta eraikinaren atarian plaka bat jartzera ere behartzen ditu pisu horien jabeak, besteak beste.