GARA Euskal Herriko egunkaria

ELA prest dago «Urkulluk haustea erabaki» zuen harremana berrartzeko


Mitxel Lakuntza ELAko idazkari nagusiak atzo adierazi zuen sindikatua «normala izan beharko lukeena normalizatzearen alde» dagoela, «sindikatu nagusiaren eta lehendakariaren arteko elkarrizketa normalizatzearen alde», alegia. Gaineratu zuenez, bere borondatea «akordioak lortzea» da, nahiz eta «zorrotza» izango den Gobernu berriarekin.

Radio Euskadin egindako elkarrizketan, Lakuntzak azaldu zuen hedabideen bidez jakin dutela Imanol Pradales lehendakariak hainbat eragilerekin, ELArekin barne, bilera-sorta bat egiteko asmoa duela, baina, nolanahi ere, «berrikuntza» dela nabarmendu zuen, Iñigo Urkulluk ez baitzuen «ELArekin bildu nahi».

EZ DU «ALDATZEKO BORONDATERIK» IKUSTEN

Edonola ere, ELAko buruzagiak aipatu zuen Gobernu berriarekin «formetan aurrera egitea» gerta litekeela, baina, EAJk eta PSEk sinatutako akordioa ikusita, baloratu zuen ezin dela esan «aldaketarako edo eraldaketarako borondaterik dagoenik». «Pradales le- hendakaria eta bere gobernu berria zertara etorri dira, aldaketa bat egitera edo jarraipena ema- tera?», galdetu zuen, eta berak eman zuen erantzuna: «Aztertzen dugunaren arabera, Pradalesen gobernua, batez ere, Urkulluren gobernuaren politikei jarraipena ematera etorri da».

Lakuntzak adierazi zuen, baita ere, Maiatzaren Lehenean Pradalesi esan ziola «oso gogoan izan dezala herri honetako gatazka sindikala eta soziala irekita dagoela», eta gaineratu zuen konpondu gabeko gaiak «konpontzen ez diren heinean» bere sindikatuak «gatazka planteatzen» jarraituko duela.