GARA Euskal Herriko egunkaria

Lurzoruak baloratzeko eta zaintzeko tresna bat jarri du Neikerrek jendearen esku

Neikerrek Lurzain plataforma sortu du lurzoruen osasuna zaintzeko eta klima larrialdiaren ondorioak arintzeko asmoz. Web aplikazioarekin egindako neurketek, informazio erabilgarria emateaz gain, lurzoruaren osasunaren etengabeko monitorizazioa eta erregistro zehatza egiten lagunduko dute, zientzia parte-hartzailetik abiatuta.

Irudiak hartzeko telefono mugikor bat erabiltzen duen neurketa berritzaile bat gehitu dute. (NEIKER)

Lurzorua funtsezko baliabidea da ekosistemen orekarako. Landare eta laboreak hazteko zein uraren ziklorako berebiziko garrantzia du. Degradatzen bada, emankortasunaren galera, biodibertsitatearen murriztea eta ingurumen arazo larriak gerta daitezke.

Lurzoruaren osasuna ebaluatzeko eta zaintzeko, Neiker zentro teknologikoak Lurzain web aplikazioa sortu du (www.lurzain.eus), zientzia parte-hartzailetik abiatuta. Proiektua Europako Batasunaren “Urbanklima 2050” programaren barruan dago, eta klima aldaketaren ondorioak arintzea edo horietara egokitzea du helburu.

Zehazki, euskal zentro teknologikoaren proposamenaren xedea da interesa duen edonori tresna bat eskaintzea bere lurzoruaren osasun egoera modu errazean ebaluatzeko, kudeaketa jasangarrirako beharrezkoak diren parametroak emanez.

NEURKETA BERRITZAILE BAT

Hamarkada bat baino gehiagoan Lurzoruen Osasun Txartelen bidez lortutako esperientzian oinarritu da Neiker. «Lurzainen aplikatzen diren 12 neurketetarako proposamen bat doitu dugu; adibidez, lur bloke bat ateratzea zizare kopurua kontatzeko, organismo horiek zeregin erabakigarria baitute materia organikoaren deskonposiziorako edota lurzoruaren egitura hobetzeko», azaldu du Lur Epelde ikertzaileak.

Neurketen zehaztasuna eta eraginkortasuna hobetzeko, digitalizazioa baliatu dute; Eskoziako James Hutton Institutuarekin lankidetzan, irudiak hartzeko telefono mugikor bat erabiltzen duen neurketa berritzaile bat gehituz, lurzoruaren materia organikoa, testura, pH-a eta horrelako funtsezko propietateak estimatzen dituzten sare neuronalen ereduekin batera. Neurketak bizitzaren sostengurako oinarrizko bost funtziotan antolatu dituzte: landare ekoizpena, biodibertsitatearen sustapena, uraren erregulazioa, emankortasuna mantentzea eta karbono bahiketa.

Neurketa guztiak batuz, aplikazioak datu base zabal bat lortzen du, eta horrek aukera ematen du konparatzeko. Urtez urte neurketak errepikatzen direnez, erregistro historiko bat ere egiten du. Aplikazioa laborategi espezializatuen beharrik gabe eta jarraibide erraz batzuk betez erabiltzeko diseinatuta dago. Neikerren asmoa da aldizkako ikastaroak antolatzea eta neurtzeko materialen kitak ematea, publiko desberdinak inplikatzeko, nekazaritzako profesionaletatik hasi eta ikasle eta interesa duten herritarretaraino.