Gaizka IZAGIRRE
HERNANI
«LA MADRE DE TODAS LAS MENTIRAS»

Panpinekin egindako kontaera hunkigarria

Mudantza bat abiapuntu hartuta, Asmae El Moudir zinemagile marokoarrak haurtzaroko argazki bakar bat zergatik gordetzen duen argitu nahi du; amonak argazkiak debekatu zituen bere etxean, bekatuzkoak zirela esaten zuelako, ez du txikitako argazkirik. Gertaera xume horretatik abiatuta, bere familiako kideak arakatzen hasten da, modu iraunkor eta oso berezian: eraikinekin, auzoko kaleekin eta aitak egindako irudiekin egindako dioramen bidez, familiaren historia kontatzen hasten da, bere gurasoak, amona, lagunak eta bizilagunak irudikatzen dituzten panpinei bizia emanez. Stop motion teknika erabiltzen du garai hartako zenbait ekintza eta gertaera birsortzeko, istorioa txotxongilo eta eszenatokiekin ehuntzen da. Amonaren figura autoritario eta mingotsaren aurrean, El Moudir-ek, jarrera asertiboa eta enpatikoa erakusten du hasieratik, eta proiektu zinematografikoa hau trauma horren ihesbide bilakatzen da.

Aitortuko dizuet hasieran asko kosta zaidala planteatzen duen narratiba berezi honetan murgiltzea, esfortzu txiki bat egin behar izan dut, baina behin barneratuta liluratu egin nau, ibilbide zirraragarria osatu du. Bilaketa horretan, gainera, Casablancako 1981eko istiluekin egingo du topo zuzendariak, “Ogiaren istiluak” deiturikoak; milaka hildako eta errepresaliatu utzi zituen herri matxinada bat. Memoria indibidualaren eta kolektiboaren arteko lotura esploratzeko helburuz, zuzendariak ezin hobeto uztartzen ditu bere bilaketa pertsonala eta Marokoko historiaren zati hori. Pertsonaien ordez panpinak jartzea, hautu estetiko eta narratibo ausarta eta berritzailea iruditu zait eta lan honetan funtsezkoak diren bi elementuren arteko zubi lana egiten du, pertsonala eta politikoa. Artisau-lan hunkigarria da.