GARA
BILBO

Arrazakeriari era kolektiboan erantzuteko deia Bilbon

Pintaketa faxistak, panfleto arrazistak, Poliziaren bortizkeria... Bilboko San Frantzisko auzoan berriki izandako ekintza arrazistak salatu zituzten bizilagunek Mariaren Bihotza plazan.

Mobilizazioa, Mariaren Bihotza plazan.
Mobilizazioa, Mariaren Bihotza plazan. (Monika DEL VALLE | FOKU)

Bilboko San Frantzisko auzoan berriki jazo den indarkeria arrazistaren gorakadaz kezkatuta eta jarrera diskriminatzaileei «modu kolektiboan» erantzungo dietela ozentzeko, atzo hainbat pertsona elkartu ziren Mariaren Bihotza plazan.

Bizkaiko SOS Arrazakeriak eta Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako Taldeen Koordinakundeak, berrogeita hamar elkarte eta kolektibo sozialen babesarekin deitu zuten protestara, azken egunetan hainbat jarrera arrazista identifikatu ostean.

Elkarretaratzea egin ondoren zabaldutako oharrean jakinarazi zuten asko eta mota askotakoak izan direla eraso faxista eta arrazista horiek: panfleto diskriminatzaileak agertu dira Bilboko hainbat postontzitan, «adingabeen aurkako heriotza-mehatxu esplizituekin eta arrazakeria zantzu bortitzekin». Bestalde, herritar beltzen kontrako pintaketa faxistak agertu ziren San Frantziskoko kaleetan. Eraikin zehatzen kontra ere egin dute; besteak beste, meskita baten kristalak hautsi dituzte, LGBTIQ+ pertsonak artatzeko lokal bati eraso egin diote eta esku-hartze sozialeko erakunde batean pintaketa neonaziak egin dituzte.

«Joan den asteartean, San Frantzisko auzoko bizilagunok Mariaren Bihotza plazan migratutako eta arrazializatutako pertsonen aurkako poliziaren jazarpen eta basakeriaren lekuko izan ginen», jakinarazi zuten. Egun hartan, Ertzaintzak bost pertsona atxilotu zituen, eta ordu gutxira, «pertsona migratzaile eta arrazializatuak estigmatizatzen, kriminalizatzen eta gizagabetzen» dituen oharra kaleratu zuen Esan ertzainen sindikatuak, plazan zeuden pertsonak «gaizkileak» zirela baieztatuz.

«Honen guztiaren aurrean, ez gara isilik geratuko; gehiegikeria horiek salatzen jarraituko dugu, praktika arrazistak direlako eta pertsona arrazializatuen eta migratuen eskubideen aurkakoak direlako», aldarrikatu zuten Bilboko agerraldian.

Instituzioei ardurak hartzeko eskatu diete, eta halako erasoei «modu kolektiboan» aurre egitera deitu dute. «Pertsona guztien duintasuna eta osotasun fisikoa errespetatzea eskatzen dugu, haien jatorri etnikoa, identitatea eta sexu-orientazioa, erlijioa eta inguruabarrak edozein direla ere», adierazi zuten.