Maite UBIRIA
BAIONA

Enpresa, erakunde eta unibertsitate arloetako ordezkariak, NFPren alde

Hauteskundeen karietara, Fronte Popularrari botoa ematera deitzen ari diren sinatzaile zerrendak gero eta gehiago dira. Izan ere, Ipar Euskal Herriko artistek egin zuten hautuaren ostean, unibertsitate, enpresa edo erakunde eremuetan jarduten duten hainbat lagunek ere Fronte Popular Berriaren hiru hautagaien alde bozkatzera deitu dute.

Fronte Popular Berriaren ekitaldia, Ziburun, joan den astean.
Fronte Popular Berriaren ekitaldia, Ziburun, joan den astean. (Guillaume FAUVEAU)

Ipar Euskal Herriko artistek «Fronte Herritar Berria bozkatzea kultura bozkatzea» dela aldarrikatu zuten atzo plazaraturiko agirian. «Gaur egun, kultura munduak, elkarrekin eta indar handiz, gorrotoaren, banaketaren eta askatasunen murrizketen aurka egingo du beti», adierazi zuten.

«Gure balioek, elkartasunak eta justizia sozialak gure herriaren bidea izaten jarraitu behar dute», irakur daiteke beste askoren artean Jurgi Ekizak (Willis Drummond), Maika Etxekoparrek (HorHor), Agustin Alkhatek, Maider Cigarroak, DJ Bullek, Juliette Canouetek (Ring of Cash/ Tan2em), Anje Duhaldek, Haira Aizpuruak, Mixel Ducauk, Maider Beheranek (Iduzkilore) eta Manex Fuchsek izenpetu duten agirian.

Hori dela-eta, «Fronte Popular Berria (NFP) bozkatzeko deia egiten dugu, gure balioak eta printzipioak babesteko eta gure herriaren etorkizuna ziurtatzeko», laburbildu zuten Lapurdiko, Nafarroa Behereko eta Zuberoako dozenaka kulturgileren sostengua jaso duen gutun horretan.

BABES KATEA EZ DA ETEN

Hauteskunde kanpainaren hondarrean, bana-banako sostenguen bilduma osatuz joan da. Hala, Iñaki Echaniz sozialista bearnesak etxebizitzaren eta euskararen aldeko dosierrak aitzineratzeko eginiko lana nabarmendu zuen atzo Antton Kurutxarrik. Euskal Elkargoko Hizkuntz Politikako arduraduna da Kurutxarri, eta Euskararen Erakunde Publikoko lehendakaria ere izan zen. Hala, X sare sozialaren bidez mezu hau zabaldu zuen: «2022an, diputatu bilakatu bezain laster, Iñaki Echaniz lanean hasi da etxebizitzaren inguruko arazoen konpontzeko xedearekin. EEPko presidente bezala, nirekin etorri da Pariserat euskararen aldeko urratsen defendatzerat. Dudarik ez, igandean, bozka dezagun Iñaki Echanizen alde!».

Halaber, Colette Capdevielle bosgarren barrutiko hautagaiak bere alde agertu ziren pertsonen zerrenda aurkeztu zuen; besteak beste, Alain Rousset Akitania Berriko lehendakari sozialistak, Michel Camdessus Nazioarteko Diru Funtseko lehendakari ohiak, Itxaro Borda idazleak eta Jean-Michel Uhaldeborde Paueko eta Aturrialdeko Unibertsitateko presidente ohiak agertu zioten babesa.

BABESA, ZENTROTIK

NFPren hautagaien alde bozkatzeko deia plazaratu dute, eskutitz batean, unibertsitate, enpresa eta erakundeen arloetan jarduten duten beste hainbatek.

EH Bai-NFPko hautagai Peio Dufauk esker oneko hitzak izan zituen, gehienbat bere hautesbarrutiko pertsonek, ibilbide eta pentsamolde ezberdina izanik ere, adierazitako sostenguarengatik.

«Lehen itzuliko gauean, Ipar Euskal Herrian inoiz ikusi gabeko konfigurazio bat marraztu da, eta hautesbarrutietan lehen postuan iritsi diren Fronte Herritar Berriko hautagaiak Batasun Nazionalarekin eta gehiengo presidentzialarekin sekula ikusi ez diren triangularretan leihatuko dira, bi hautesbarrutietan», adierazi zuten gutun horretan. Era berean, bihar konfigurazio horrek «ezusteko emaitza» ekar lezakeela ohartarazi zuten.

Ildo beretik, agertu zuten «eskuin muturrak Euskal Herriarentzat dakarren arriskuaren aitzinean», urteetan eraiki diren kontsentsu zabalen mesedetan eta balio humanisten izenean ardurak hartzeko asmoa dutela.

«Lurralde honen ikuspegi bat dugu, bere berezitasunen errespetuan eta demokraziaren baloreen aitortzan oinarritua, (eta) ikuspegi hori erabat bateraezina da Rassemblement Nationalaren proiektuarekin» gaineratu zuten.

Arrisku hori ekidin nahian batasuna «ezinbestekoa» dela azaldu zuten, lehen itzulian lehen postuan kokatu ziren hautagaien alde obratzeko beharra aldarrikatuz. Hau da, Iñaki Echaniz, Colette Capdevielle eta Peio Dufau Parisera eramateko botoa eskatu zuten.